Kontzezioko Bertso Jaialdia, indartsu aurten ere
Markina-Xemeingo Amaiur kultur elkarteak urtero Kontzezio Egunean antolatzen duen bertso jaialdiak frontoia txiki utzi zuen atzo [abenduak 8] ere.
Jaialdia iragartzen duen kolore biziko kartelak bezain indartsua izan da, aurten ere, Kontzezioko Bertso Jaialdia. Markina-Xemeingo frontoi nagusiko harmailak eta kantxako aulkiak bertsozalez bete ziren atzo [abenduak 8], eta gogoz txalotu zuten bertsolarien lana. Antolatzaileek jakinarazi zutenez, aurten 750 bat lagun bildu ditu jaialdiak.
Urtero modura, sei bertsolari igo ziren oholtza gainera: Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Arkaitz Estiballes. “Etxean bezala” sentitzen zirela adierazi zuten bertsolariek, izan ere 40 urte baino gehiago dira Amaiur Kultur Elkartearen bidez jaialdia ospatzen dela, eta, aurretik ere, jaialdiko oholtzara igota daude. Oraingoan ere onena ematen ahalegindu ziren.
Gai jartzaile lanetan, aldiz, Andoni Egaña aritu zen, eta gai serio edo herrikoiagoak tartekatuz estualdietan ere jarri zituen bertsolariak. Beste batzuen artean, motxilaren umeen egoeraz, Satisfyer aparailuaz, Egunean Behin app lehiaketaz, kristau izateari utzi nahi dion fedegabeaz, Iruña Veleia auziaz, Urkullu eta bere aholkularien kontuez, futbol jokalarien ospakizunez eta Mendiluzeren bizitzaz edota Ibarzabalen bizileku aldaketaz ere aritu ziren bertsotan. Eta, puntuka amaitu zuten jaialdia, Gabonetako afarian elkartzen den familia irudikatuz.
Saioaren errepasoa egin eta publikoari eskerrak eman zioten bertsolariek azken agurrean, eta Ibarzabalek gogora ekarrita, zendu berri den Amaiur elkarteko Maite Mandiolarentzat izan zen emozioz beteriko azken txalo zaparrada luzea.