Urrutikoetxea ordezkatuko du Andoni Aretxabaletak binakakoan
Jon Mariaezkurrenaren ordez aritu da Aretxabaleta lehen jardunaldi bietan, eta Marizkurrena kantxetara itzuli bada ere, Aretxabaletak lehian jarraituko du.
Baiko Pilotak jakinarazi duenez, Andoni Aretxabaleta izango da Mikel Urrutikoetxearen ordezkoa Binakako Txapelketako hurrengo jardunaldian. Zaratamoko pilotariak eskuin eskuan izandako arazoek gelditzera behartu dute, eta ondorioz, Iruñeako Labriten jokatuko den partida galdu egingo du.
Jon Mariaezkurrenaren ordez aritu da Markina-Xemeingo pilotaria lehen jardunaldi bietan, eta Marizkurrena kantxetara itzuli bada ere, Aretxabaletak lehian jarraituko du. Olaizola II izango du bikote oraingoan. Bikoteak Jokin Altuna eta Ladis Galarza izango ditu aurkari aste honetan jokatuko den laugarren jardunaldiko partidan.
Lea-Artibain. Eskuz Binakako Txapelketagaz gozatzeko aukera egongo da Lea-Artibain ere. Lekeitioko Udalak antolatuta, Irribarria-Rezusta eta Bengoetxea VI-Mariezkurrena II bikoteen arteko final-laurdena ikusteko aukera egongo da abenduaren 21ean, 18:00etan, Lekeition. Binakako Promozio Txapelketa ere jokatuko da egun horretan Peña II-Aranguren eta Elordi-O. Etxebarriaren artean. Santi Brouard Pilotalekuan izango den jaialdirako txartelak salgai daude jadanik Maite eta Gol tabernetan 25 euroko salneurrian.
Bestalde, aurten ere, esku pelota taldearen eskutik, binakako txapelketako partidua ikusteko aukera egongo da Markina Xemeinen. Urtarrilaren 25ean jokatuko da norgehiagoka Uni frontoian. Aurreratu dutenez, Ezkurdia-Martija eta Jaka-Zabaleta bikoteak neurtuko dira txapelketaren hamargarren jardunaldian. Horrez gain, Bakaikoa-Aretxabaleta eta Victor-Larunbe bikoteen arteko partida ere egongo da. Markina-Xemeingo Esku Pilota taldekoek jakinarazi dutenez abenduaren 27an hasiko dira sarrerak saltzen.