506 kg janari batu ditu ETX elkarteak Zaporeak proiektuari laguntzeko
Pozik agertu da ETX elkartea lortutako emaitzagaz, izan ere, azken bilketan jasotako kopurua handitu dute.
Zaporeak proiektuari bideratzeko egindako janari bilketan 506 kg janari bildu ditu aurten ETX kultur elkarteak. Pozik agertu da elkartea lortutako emaitzagaz, izan ere, azken bilketan jasotako kopurua handitu dute, 350 kg batu zituzten orduan.
Elkarteak eskerrak eman dizkie bilketan parte hartu duten guztiei bai eta bilketa egiten lagundu duten Markina-Xemeingo ikastetxeei, Bekobenta eta Berakruz, bai eta Etxebarriko eskolari eta udalari ere. Tomasena janari denda, Antsotegi hotela eta Erabil enpresari ere eskertu diete eskainitako laguntza eta erakutsitako prestutasuna.
Arroza, dilistak eta pasta batu dituzte, batez ere. Horrez gain, azukrea, garbantzuak, olioa, atuna, galletak, tomatea, irina, gatza, indiarrak eta beste lekale batzuk ere bidaliko dituzte Zaporeak proiektuaren bidez Greziako errefuxiatuen kanpalekuetara.