Abenduan, on egin! jaia ospatuko dute amorotarrek
Gastronomia dastaketa eta abereen erakusketa egingo dituzte zapatu eguerdian. Iluntzean, berriz, burduntzian erretako txerriaren pintxoak jateko aukera egongo da.
Txahal janaren ordez, Abenduan, on egin! jaia egingo dute aurten. Zapatu [abenduak 14] eguerdian herritarrek prestatutako sasoiko produktuak jango dituzte frontoian, borondatearen truke eta herriko abereen erakusketa jarriko dute.
Gastronomia dastaketan Gabon sasoian falta ezin diren jakiak egongo dira: taloak, odolostea, txistorra, salda, karakolak saltsan, arroz-esnea, intxaur saltsa eta herriko sagardoa. Kanpoaldean, berriz, astoak, oiloak, ardiak, ahuntzak eta bestelako baserrietako abereak egongo dira.
Gainera, Amorotoko Eskolaren Gabonetako otzararen zozketa ere egingo dute, beraz, oraindik txartelik ez duenak bertan erosteko aukera edukiko du.
Txerria burduntzian. Bestalde, 19:00etatik aurrera, burduntzian egindako txarri okelaren pintxoak dastatuko dituzte, eta Izarra eta Naiara trikitilarien musikagaz girotuko dute iluntze eta gau partea. Arratsalderako prest egoteko, eguerditik aurrera, burduntzian txarria erretzen ariko dira.
“Aurreko urteetan ere, eguerdian Gabonetako janarien dastaketa eta ganaduen erakusketa ere egiten ziren eta iluntzean txahal jana”, azaldu dute udal ordezkariek. Auzolana edo elkarlana da Abenduan, on egin jaiaren oinarria: “Herritarren artean, hainbat talderen artean prestatutako dastaketa da eguerdikoa”.