Erromes kopuruak gorantz jarraitzen du Markina-Xemeinen
Bizkaiko Done Jakue Bidearen Borondatezko Zaintzaile Elkarteak emandako datuen arabera aurten 7.550 erromes igaro dira aterpetxetik.
Azken urteetako joerari jarraituta, aurten ere gorantz egin du Markina-Xemeingo aterpetxean ostatu hartu duten Donejakue Bideko erromesen kopuruak. Aterpetxeaz arduratzen diren Bizkaiko Done Jakue Bidearen Borondatezko Zaintzaile Elkarteak emandako datuen arabera, 7.550 erromes igaro dira aterpetxetik zabalik iraun duen bitartean; hau da, apirilaren 1etik urriaren 16ra bitartean.
Urtez urte gorantz joan da herriko aterpetxean lo egin dutenen kopurua, azken sei urteetan ia-ia bikoiztera ailegatu delarik. 2014 urtean 3.956 erromes igaro ziren Markina-Xemeingo aterpetxetik, eta aurten, orduan baino 3.594 gehiago igaro dira. 2015 urtean eman zen gorakada nabarmenena, 5.290 erromes egon ziren. Hurrengo urteetan pixkanaka egin du gorantz. 2016 urtean, esate baterako, 6.572 egon ziren guztira, 2017 urtean 7.130 erromesek egin zuten geldialdia, iaz 7.247 erromes pasatu ziren bertatik eta aurten 7.550 erromes egon dira, 303 gehiago.
3.398 emakumeak izan dira eta gizonezkoak 4.152. Adina kontuan hartuta, 18 urtetik 30 urtera arteko gazteak izan dira gehienak (2.088). Hala ere, asko dira 31-40 urte bitartekoak ere (1.418) eta 51-60 urte bitarteko erromesak gehituz doaz, 1.204 izan dira aurten. Jasotako datuen arabera 81 urte eta goragokoak ere hartu dituzte aterpetxean, adin horretako zazpi lagun, hain zuzen.
Herrialde gehiagotatik. Jatorriari erreparatuz, alemaniarrak (849), frantziarrak (689), kataluniarrak (751) eta italiarrak (547) izan dira gehiengoa, eta madrildarrak (443) eta valentziarrak ere ugari (398); euskal herritarrak, berriz, 192. Horiez gain, gero eta gehiago dira Ameriketako Estatu Batuetatik datozen erromesak (386), eta Holandatik (176) eta Irlandatik (163) etorritakoen kopurua asko ugaritu da. Munduko herrialde ezberdin gehiagotatik heltzen ari dira gainera, jatorri berrien artean Seychelles (2), Singapur (1), Malasia (1) edota Salomon Uharteak (1) aipatu daitezke, besteak beste.
Uda sasoian, jende gehienak oporrak izaten dituen garaiarekin bat eginez, asko handitzen da erromesen kopurua. Uda garaiko hilabete horiek izan dira aurten ere jendetsuenak. Horrela, abuztuan 1.687 lagunek hartu zuten ostatu aterpetxean eta uztailean 1.498 erromesek. Hurrengo bi hilabete jendetsuenak iraila eta maiatza izan ziren, irailean 1.295 lagun igaro ziren aterpetxetik eta maiatzean 1.119.