Lea-Artibaiko bi emakume, protagonista 'Erroa eta geroa' dokumentalean
‘Erroa eta geroa’ dokumentala mimo handiz egin dute Sorginatxurrak taldekoek. Sei emakume batu eta Euskal Herriko emakume baserritarrei ahotsa eman diete, eta tartean dira Lea-Artibaiko bi. Ikusezina edo ikusten ez dena ikusgarri bihurtu dute.
Euskal Herriko belaunaldi besberdinetako hamar emakume baserritarren ahotsa jasotzen du Sorginatxurrak taldeak egindako Erroa eta geroa dokumentalak. Protagonisten artean daude Hilari Laka mendexarra eta gaur egun Arabako Ozaeta herrian bizi den Arantza Arrien aulestiarra. Baina, Lea-Artibaiko euskara pantaila aurrean ez ezik atzean ere entzun da. Izan ere, Maribi Ugarteburu amorotarragaz batera, Vane Calvok, Nadia Ayusok, Zuriñe Peralesek, Ane Gorosabelek eta Mirene Begiristainek osatzen dute Sorginatxurrak taldea.
Durangaldean, Debagoienean eta Nafarroa Beherean ere aritu ziren grabatzen iazko udan eta udazkenean. Aurten aurkeztu dute emaitza, eta hasierako emanaldiak protagonisten herri edota eskualdeetan egin dituzte.
Azaroaren 23an erakutsi zuten Mendexan; Durangaldean hiru aurkezpen egin dituzte eta Bilbon eta Ozaetan bana. “Polita izaten ari da. Lekuaren arabera oso diferentea da; ez delako berdina Bilbon egitea edo Mendexan. Mendexan Hilari egon zen. Jende oso nagusia joan zen, eta baita gazteak ere; batzuk baserritarrak direnak edo izandakoak eta beste batzuk zerikusirik ez daukatenak. Dokumentalean agertzen diren kezken inguruan eta abar tertulia polita irten zen”, azaldu du Ugarteburuk.
Arrasaten, Zarautzen, Donostian eta Gasteizen erakusteko ere hitzorduak badituzte dagoenerako, eta esan dutenez, “zabalik uzten duten ate bat da hau”. Hain zuzen, aurkezpen batzuk egin eta gero, dokumentala sarean egotea da taldekieen asmoa, “edozeinen esku egotea”.
Aurretik, baina, Euskal Herriko txokoetan barrena zabalduko dute baserritar andren ahotsa. “Martxoaren 8 ingurura arte behintzat aurkezpenak egiten ariko gara. Dei asko testuinguru horretatik jaso ditugu”. Hiritarrentzat “zerbait lehenenengo bider entzutea” dela dio Ugarteburuk. Baserriko bizimodua zer izan den, zer den, ze kezka dagoen… urrun duten errealitatearen berri izateko aukera eskaintzen die Erroa eta geroak. “Hurbilketarako edo behintzat elkarren berri izateko tresna da”.
Gogoetarako. Gazteenak 30 urte inguru ditu eta zaharrenak 94 urte. Denak dira edo izan dira baserriko langileak, baserritarrak. Ikusleei “zer pentsatua eta zer berba egin ematea” da egileen asmoa: “Belaunaldi desberdinetakoak dira, eta orduan, oso bizipen diferenteak eduki dituzte. Hainbat gai azaleratzen dira: generoen araberako lanen banaketa, salmenta zein produkzioa zelan aldatu den; lehen zelakoak ziren eta orain zelakoak diren. Nahiz eta adin desberdinetakoak izan, kezkak amankomunak dira oso. Betiko kezkak agertzen dira, esaterako, zelan lortu nekazaritza lanbide duin bat izatea. Euren adibideen, berben bidez hainbat gai agertzen dira”. Ez dute formula magikorik proposatzen, baina eztabaidarako edo hausnarketarako balio duten hainbat galdera “airean geratzen” dira.
Herri txikietarako ere tresna interesgarria dela deritzote: “Baserri bizitza edota nekazaritza gure inguruan behintzat oso gainbehera joan da. Zer pentsatua ematen du”
Dokumentala hainbat lekutarako tresna izatea nahi dute: “Baliagarria izan leike nekazaritzari beste biziberritze bat eman nahian dabiltzan kolektiboentzat eta baita mugimendu feministaren baitan antolatuta dagoen jendearentzako ere. Askotan landa eremuko errealitatea oraindik pixka bat arrotza egiten zaio mugimendu feministari, eta uste dugu hori gainditu behar dela. Feminismoa ere baserritartu egin behar da, baserritar mugimendua feminismoagaz buzti behar den era berean”.
Herri txikietarako ere tresna interesgarria dela deritzote: “Baserri bizitza edota nekazaritza gure inguruan behintzat gainbehera joan da. Zer pentsatua ematen du; horrela segituta guztiz desagertu behar da hemen nekazal aktibitatea? Zelan egin horri buelta emateko? Zelan egin ofizio duin bat izateko gure gazteentzako? Debaterako tresna izatea gura genuke”.
Baserrietan kontu asko kontatu dizkiete, eta hortik hari bat sortu eta dokumentala josi zuten. Talde lanean eman dituzte pausoak, eta hori aberasgarria izan dela nabarmendu du Ugarteburuk. 2017-2018 ikasturtean, Baserritik Mundura ikastaldian ezagutu ziren. “Leku desberdinetakoak ginen, baina antzeko kezkekin, eta ikaskide izatetik lagun izatera pasatu gara”.
EHUko Hegoa Fundazioaren eta EHNE Bizkaia sindikatuaren arteko lankidetzatik sortutako elikadura burujabetzari buruzko ikastaroa izan zen. Gaiari buruzko formakuntza orokorra jasotzeaz gain, gaia modu praktikoan landu zuten: “Metodologia oso interesgarria zeukan ikastaldiak. Lantalde txikietan antolatuta, talde bakoitzak ikerketa edo ekintza parte hartzaile proiektu bat, ikerlana egin behar genuen. Elikaduragaz edo nekazaritzagaz zerikusia zeukan gai bat hartu, eta laguntzarako tresna bat egin behar izan genuen”.
Paperetik pantailara. Sorginatxurrak taldekoek hasieratik argi eduki zuten emakume baserritarren ahotsa erdigunean ipini gura zutela: “Oso talde edo kolektibo ikusezina zela ikusten genuen. Beti ere ikuspuntu feminista batetik, apurka-apurka forma ematen joan ginen”. Idatzizko lana aurkeztu behar zuten, eta hori osatzeko zenbait material aztertu eta elkarrizketak egin zituzten. Idazlana egin eta gero ere lanean jarraitzea erabaki zuten. “Tresna oso erraza bihurtu nahi genuen, edonon erabiltzeko modukoa. Gure ametsa zen dokumentaltxo bat egitea. Bigarren parte hori ikastaldia amaitu eta gero egin genuen”.
Grabaketak eta edizioa modu profesionalean egitea zen euren asmoa: “Material txukun bat sortu nahi genuen, eta aldunditik lortutako laguntzari esker, Itziar Bastarrikak eta Ainhoa Olasok egin zuten errealizazioa. Artistak dira horretan eta estetikoki oso polita geratu da. Musika Ines Osinagak propio egindakoa da. Gustura eta erraz ikusten den ordu erdiko dokumentala da”.