Luzio Lakaren argazkiak irabazi du Mendexako argazki lehiaketaren lehen saria
Abenduaren 25ean banatuko dituzte sariak. Bestalde, 'Mendexarrak beharrean' argazki zaharren erakusketa abenduaren 25ean eta 29an eta urtarrilaren 1ean jarriko dute ikusgai.
Mendexako Leixarra Elkarteak argazki lehiaketa antolatu du lehenegoz eta aurkeztutako 57 argazkien artean irabazleak aukeratu dituzte.
Sagarra eta Sagardoa izan da gaia, eta 20 pertsonak hartu dute parte. Luzio Laka Guenagaren Sagar bilketa Etxebarrijan argazkiak jaso du lehen saria. Eneko Muruaga Iturrasperentzat izan da bigarren saria, Danok txotx! argazkiagatik, eta hirugarrena, berriz, Aiora Muruaga Iturrasperi ematea erabaki du epaihamahaik, Sagar helduak argazkiagatik.
Lehiaketara aurkeztutako argazki batzuekin osatu du udalak 2020 egutegia. Aipatu hiru argazkiekin batera, epaileek aukeratutako beste hamaika argazki agertuko dira. Gainera, sagarrari egindako kantak, olerkiak eta TXOTX hiztegiagaz egin dute egutegia.
Leixarra Elkartearen kideek azaldu dutenez, Mendexa betidanik egon da sagarra eta sagardoari lotuta: “Gaur egun, baserri askotan jarraitzen dute sagardoa egiten eta gure paisaia sagarrondo ederrez apainduta dago. Urte askotako historia dago gordeta tolare, kupel, makina, eta abar zaharretan, erdi ezkutaturik, eta balio handiko ondarea da gure ustez”.
Sariak abenduaren 25ean, 13:00etatik aurrera banatuko dituzte udaletxeko ganbaran, elkarteak gabonetan antolatzen duen argazki zaharren erakusketaren testuinguruan. Hain zuzen ere, elkartearen ordezkariak iragarri dutenez, Mendexarrak beharrean izenburupean egingo dute aurtengo erakusketa. Abenduaren 25ean eta 29an eta urtarrilaren 1ean, 12:00etatik 14:00etara egongo da ikusgai.
Lehiaketan, argazkiaren kalitateaz gain, argazkiaren bizitasuna, Mendexarekin duen lotura, berezitasuna… izan dira epaileek kontuan hartu dituzte irizpideak. Leixarra elkartekoek eskerrak eman dizkiete parte hartzaile guztiei, Mendexako Udalari eta gainerako laguntzaileei, eta datorren urtean berriro egitea espero dute: “Hurrengo urteko gaia sari banaketaren egunean jakinaraziko dugu”.
Mendexako eta mendexarren historia, ohiturak eta izaera babestea, berreskuratzea eta zabaltzea dira elkartearen helburu nagusiak. Horretarako, argazki zaharren bilketa egiten eta artxibo digitala sortzen ari dira sorreratik. Era berean, herriko ondarea eta txokoak ezagutzen eta haietaz informazioa biltzen aritzen dira taldekideak. “Lehiaketaren bidez, bi helburu horiek jorratzen ditugula uste dugu, eta gainera, herritarren parte hartzea ere lortzen dugu, udalak ateratzen duen egutegia osatuz. Lehiaketa ondare guzti hau hobeto ezagutzeko eta zaintzeko balio izatea espero dugu”.