Surfaren inguruko kontuetaz jardungo dute Lekeition Iñigo Urdiñaga surflariagaz
Artzabal Surf elkarteak antolatuta solasaldia egongo da barikuan Azkue aretoan. Sarrera doakoa izango da.
Iñigo Urdiñaga surflariagaz solasaldian jarduteko aukera egongo da barikuan [abenduak 13] Lekeition. Urdiñagak surfaren bilakaerari buruzko hausnarketak isladatu zituen orain dela urte bi Surflaria eta paradisua izeneko liburu batean. Bere bizipenak oinarri, gai askotaz ari da liburuan.
Berezko izenez Iñigo Fernandez Ostolaza, oriotarra da eta hamar urte zeuzkanean hasi zen surfean, orain 45 urte dauzka eta surfari lotuta jarraitzen du. Surflaria eta paradisua surfari buruz euskaraz plazaratu den lehen liburua da, eta laster gazteleraz eta gero ingelesez ere ateratzeko asmoa dauka.
Bere kabuz egiten du lan, komunikazio eta publizitate gaietan, eta ordutegi malgua dauka olatuak daudenean uretara joateko. Asko bidaiatu du, eta bizpahiru hilabete kanpoan egiten ditu urtero, batez ere Australian eta Indonesian, baina beste leku askotan ere hartu ditu olatuak: Fiji, Kalifornia, Peru, Mexiko, Zelanda Berria…”.
Liburuak hiru zati ditu. Lehenengo atalean txikitako gauzak eta bere bizipenak dira nagusi, bigarren eta hirugarren ataletan, aldiz, inguruko gertakariak dira protagonista. Liburuaren hari nagusia hurrengo galdera dela dio: Zer gaude, paradisutik gero eta urrunago ala gertuago?
Kontu horiek guztiak eta gehiago entzun eta konpartitzeko aukera eskainiko du Artzabal Surf elkarteak antolatuta 19:00etan, kultur etxeko Azkue aretoan egingo den solasaldiak. Sarrera doakoa izango dela jakinarazi dute.