Tdiferencia taldeak 'Velma and Cris, kokoteraino' antzezlana eskainiko du Mendexan
Berdintasun sailak antolatutako emanaldia indarkeria matxistari buruzkoa da. Emanaldia domekan [abenduak 15] izango da, eta antzerkiaren aurretik kafesnea eta pastak eskainiko dituzte.
Berdintasunaren aldeko eta genero bortizkeriaren aurkako lana egitea da Tdiferencia taldearen ezaugarria eta udalaren berdintasun sailaren eskutik, Velma and Cris, kokoteraino dator Mendexara. Domekan [abenduak 15] 18:00etan hasiko dute antzerkia, baina 17:00etan, kafesnea eta pastak eskainiko dituzte udaletxeko ganbaran.
Ainhoa Ruiz eta Laura Villanueva aktoreek “tragikomedia aske bat” antzezten dute: “Velma eta Cris ez dira heroiak, bizirik dirautenak baizik. Amak dira, alabak, ahizpak; emakumez osatutako familia emakumeak dira. Bizitzari aurre egiten diotenak, musikaren arabera dantzak egiten dutenak eta askatasunaren bila dabiltzanak”.
Maite Redin eta Adriana Olmedoren jatorrizko testua da (Ruizek euskaratu du), indarkeria matxistaren prebentziorako idatzia. “Indarkeriaren gaitzaz kontzientziatzen gaituen testua da, denok elkarrekin konpondu behar dugun gizarte arazo bat delako”.
Tdiferencia taldearen errespetua, tratu txarren prebentzioa eta tolerantzia lantzen duten ikuskizunen aldeko apustuaren barruan dagoen lana da. Genero indarkeriari, gizarte erantzukizunari, administrazioaren utzikeriari, mikromatxismoari, genero rolei… buruzko tragikomedia da. Taldeak komediatik berdintasuna eta genero indarkeria lantzen ditu: “Barrea zubi bat dela eta jendea entzuteko, sentitzeko eta erlaxatzeko gogoan jartzen duela uste dugu”.