Aniztasun Astea ospatuko dute Lekeition
Era guztietako ekimenak egongo dira Lekeition bizi diren herrialde ezberdinetako bizilagunen kultura ezagutzera emateko asmoz.
Herrian bizi diren herrialde ezberdinetako biztanleen kultura eta bizipenak ezagutu asmoz, bigarren Aniztasun Astea ospatuko dute Lekeition, zapatutik [abenduak 14] aurrera. Argazki erakusketa, dantzak, emanaldi eta solasaldiak egongo dira, besteak beste, datozen egunetan.
Nikaraguako dantza saioagaz hasiko dira ekimenak zapatuan. Horrez gain, 12:00etatik 14:00etara herri ezberdinetako gastronomia dastaketa eta artisautza erakusketa egongo dira Barandiaran aretoan. Bertan egongo da ikusgai bai eta ere, Ate itxiak errefuxiatuen egoerari buruzko argazki erakusketa. Matiz elkartearen eskutik datorren ekimena abenduaren 18ra arte bisitatu ahalko da.
Astelehenean [abenduak 16], berriz, Nikaragua eta Paraguay-en inguruko ikus-entzunezko emanaldia eskainiko dute, 18:00etan kultur etxeko Azkue aretoan, eta martitzenerako [abenduak 17] emakume migratzaileen bizitza proiektuaren inguruko kafe-tertulia. Hasieran bertso bat botako dela ere jakitera eman dute guarani hizkuntzaz, 18:00etan, Jubilatuen etxean.
Ikastetxeek ere parte hartuko dute Aniztasun Astean. Zuri dagokizun jokoa immigrazioaren inguruko talde jokoan parte hartu ahalko dute eskola eta ikastolako LH6ko ikasleek eguaztenean [abenduak 18] Matiz elkartearen eskutik. Bestalde, herritar guztientzat Colis suspect dokumentala eta solasaldia egongo dira 19:00etan, Ikusgarri zinema aretoan, Lekeitioko Ongi Etorri Errefuxiatuak antolatuta.
Eta amaitzeko, erroldatutako biztanle berriei harrera egingo diete eguenean [abenduak 19], 18:00etan udaletxeko osoko bilkura aretoan.