Aspanovasen aldeko ekimena egingo dute Helmugak proiektuko kideek
Urtebeteko etenaldia eta gero, Helmugak proiektuko kideek 2020an gauzatuko duten ekimen solidarioa eta egingo duten lasterketaren berri eman dute.
Burua proiektuz eta ekintzaz beteta dituzten horietakoak dira Helmugak proiektuko kideak. Geldik egoten ez dakiten eta beti inguruan daudenei laguntzeko prest dauden horietakoak. Bihotzari entzunda, motorrak martxan jartzen dituztenak. Orain, urtebeteko etenaldia egin eta gero, indarberrituta eta 2020ra begirako egitasmoagaz datoz. Orain arte egin izan duten modura, datorren urtean bi ekintza egingo dituzte: lasterketa bat eta ekintza solidarioa bat.
Baina berrikuntzetako bat ekintza solidarioan bertan dago. Izan ere, orain arteko ekarpen solidarioak beste herrialde batzuetan egin izan badituzte ere, oraingoan hurre-hurrekoei laguntzeko ekimena egingo dute. «Apartera joan barik, gure inguruan ere laguntzeko beharra dutenak daude», esan du Ander Txakartegi proiektuaren bultzatzaileak. Hain zuzen ere, 2020an leuzemia gaixotasuna daukan Ager Aldazabal 4 urteko ume berriatuarraren aldeko pedalkadak emango ditu Txakartegik. «Aldazabali 2018ko uztailean antzeman zioten gaixotasuna, eta ordutik haren aurka borrokatzen dabil».
Txakartegik Euskal Herri osoa zeharkatuko duen ibilbidea egingo du, Berriatuan hasi eta amaituko den ibilbidea
Berriatuan hasi eta amaitu. Haren senideekin harremanetan jarri eta nola edo hala laguntzeko asmoa agertu ostean, senideek esan zioten nahiago zutela Aspanovas elkarteari laguntzea. «Aspanovas gaixotasun hori dutenen senideek osatzen dute, eta gaixotasuna dutenen beste senideei laguntza ematen diete; gaixotasunaren prozesu osoan eta errekuperazioan laguntzen diete». Hain zuzen ere, Aspanovasek beharrezko laguntza psikologikoa, gizarte laguntza eta laguntza pedagogikoa eskaintzen ditu.
Helburua finkatuta, Txakartegik Euskal Herri osoa zeharkatuko duen ibilbidea egingo du, Berriatuan hasi eta amaituko den ibilbidea. Azken finean, proiektu honetan murgildu badira, gaixotasunaren prozesuan murgilduta dauden eta ezagutzen duten herritarrengatik delako. «Nire kalkuluen arabera 30-34 ordu inguru beharko ditut 600 kilometroko ibilbidea egiteko; ibilbide osoak 10.900 metroko desnibel metatua dauka. Enpresen laguntzagaz, helburua da gutxienez kilometroko euro bat lortzea».
Horrez gain, crowdfunding kanpaina ere abiaraziko dute Interneten. Beraz, gainerako ekarpen ekonomiko guztiak handik joango dira jasotzen. «Nahi duguna da ahalik eta diru gehien batzea. Beraz, ekarpen guztiak ongietorriak izango dira. Azken finean, batzen dugun diru guztia elkartearentzat izango da»; Internetez egingo den diru bilketa kanpaina elkarteak berak kudeatuko du.
Batutako diru guztia Txakartegik Berriatuan proba amaitzen duenean emango diote elkarteko ordezkariei. «Helburua da probaren amaiera jai bategaz girotzea. Nolabait, jai horrek ekimena borobilduko du. Gainera, azken metroak Agerregaz beragaz egiteko asmoa daukat».
#Agertxopirata. Txakartegik ibilbide osoa egingo badu ere, tokian tokiko taldeek eta elkarteek ere lagunduko diote bidean, bere aldamenean metro batzuk eginez. «Euskal kostalde osoa zeharkatuko du ibilbideak. Horrez gain, Euskal Herriko zazpi hiriburuetatik ere igaroko da».
Ekimen solidarioa #Agertxopirata izenpean egingo da, eta sare sozialetan ere jarraipena egingo diote. «Ekimena ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko argazkiak eta abar igoko ditugu sare sozialetara».
Ideia nagusiak-eta zehaztuta eduki arren, oraindik gauza batzuk fintzea geratzen zaiola dio. Hala, data ere oraindik ez daukate zehaztuta. Hori bai, ekimena uda sasoian egingo dela aurreratu du. «Oraindik datak ez dauzkagu zehaztuta. Eta xehetasun gehiago ere eskainiko ditugu aurrerago. Funtsean, baina, hori da Helmugaketik aurten egingo dugun ekintza solidarioa».
Saudi Arabian urtarrilean egingo den Titan Series lasterketan parte hartzeko aukera sortu zaiela zehaztu du berriatuarrak
Beraz, Aldazabali eta haren senideei babesa agertzeaz gain, ekimenagaz Aspanovasek egiten duen lana ikusarazi, balioan jarri eta bultzada emateko balioko du. Elkartekoak ere pozarren daude. «Haiekin batzartu nintzenean esan zidaten eskerrak ematea besterik ez zeukatela».
Oier Aurrekoetxea lagun. Alde solidarioa azalduta, bigarren puntua lasterketa da. Hasiera batean beste lasterketa bat egitekoak baziren ere, azken orduan Saudi Arabian urtarrilean egingo den Titan Series lasterketan parte hartzeko aukera sortu zaiela zehaztu du berriatuarrak. Txakartegigaz batera, Oier Aurrekoetxea bermeotarrak ere parte hartuko du proba horretan. Txakartegi eta Aurrekoetxea urtarrilaren 27an abiatuko dira harantza, eta proba eginda, otsailaren 2an itzuliko dira. «Lasterketa, baina, urtarrilaren 29tik otsailaren 1era egingo da, bi egunak barne».
2020an Helmugaketik burutuko dituzten bi erronkak zehaztuta, datozen aste eta hilabeteetan entrenatzen eta lotu beharrekoak lotzen jarraituko dute Helmugakekoek.
Eta aurreko urteetan egin modura, datorren urteko bi ekimenak ere proiektuak hasieratik sustatu eta bultzatu dituen balioekin (euskara, kirola, natura eta pertsonak) estu-estu lotuta joango direla esan dute. «Horiek dira Helmugaken oinarriak, eta horiei jarraituz pentsatzen ditugu proiektuaren baitan garatzen ditugun ekimen guztiak. Orain arte egin modura, beraz, datorren urteko ekimenak ere horiek izango dituzte oinarrian».
Horregaz guztiagaz, eta txirrindularitzarenganako zaletasuna alboratu barik, Helmugakekoek bihotzetik ekiten eta pedalkadak ematen jarraituko dute.