Azaro Fundazioa maila anitzeko gobernantza ikertzen duen proiektu europar batean parte hartzen ari da
Cohes3ion proiektu europarra urriaren hasieran jarri zuen martxan BEAZ Bizkaiko Foru Aldundiaren sozietate publikoak. BEAZekin batera ari da lanean Lea-Artibaiko erakundea.
Azaro Fundazioa maila anitzeko gobernantza ikertzen duen proiektu europar baten parte hartzen ari da BEAZekin batera. Cohes3ion proiektu europarra urriaren hasieran jarri zuen martxan BEAZ Bizkaiko Foru Aldundiaren sozietate publikoak.
Jakitera eman dutenez, proiektu horren helburua maila anitzeko gobernantzaren tokiko kasuak ikertzea da, Europar Batasunak bultzatzen dituen berrikuntza eta lurralde garapenerako estrategien koordinazioa eta eragina hobetzeko.
Cohes3ion proiektuak hamar bazkide ditu, Europako zortzi herrialdetakoak. BEAZek, Azaro Fundazioak eta Orkestrak ordezkatzen duten Bizkaiagaz gain, proiektuan parte hartzen dute Calabria (Italia), Gales (Erresuma Batua), Mazovia (Polonia), Nord-Vest (Errumania), Estokolmoko eskualdea (Suedia), Ruhr (Alemania) eta Southern Regional Assembly (Irlanda).
Eskualde Garapenerako Europako Funtsak (EGEF) finantzatuta dagoen eta hiru urteko iraupena duen proiektu horren bidez, ondorengo ekintzak burutu nahi dituzte: Praktika Onak identifikatu, partekatu eta zabaldu; Lurraldeko Ekintza Plana diseinatu; eta EGEFren eta Espezializazio Adimentsuaren Estrategien –S3 edo Smart Specialization Strategies– proiektu operatiboetan lurraldetasuna barneratzeko politika gomendioak garatu eta hedatu.
Bere aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiak, BEAZ-en bitartez, Bizkaia Orekan proiektua jarri zuen martxan duela hiru urte. Bertan, Aldundia eta tokiko eta eskualdeetako eragileak batera ari dira lanean, Azaro Fundazioa horien artean. “Proiektuaren helburua Bizkaiaren lehiakortasunean aurrera pausuak egitea da, bere dibertsitatea kontuan hartuta. Esperientzia horrek Beaz-i maila anitzeko gobernantza helburutzat duen europar proiektu bat gidatzeko ahalmena eman dio eta Azaro Fundazioagaz elkarlanean ari da”.