Bigarren eskuko azoka jarriko du Lekeitioko Azkue Ikastolak Merkatu Plazan
Zapatuan [abenduak 14] eta domekan [abenduak 15] zabalduko dute azoka. Girotzeko, gainera, era askotako ekimenak egongo dira, taberna, kontzertu eta tailerrak besteak beste.
Urtero zabaldu ohi duten tabernaren ordez bigarren eskuko azoka antolatuko du zapatuan [abenduak 14] eta domekan [abenduak 15] Azkue Ikastolak. Merkatu Plazan jarriko duten azoka girotzeko, gainera, era askotako ekimenak egongo dira, taberna, kontzertu eta tailerrak besteak beste.
“Guztiok izan ohi ditugu etxean erabilerarik ematen ez diogun hainbat gailu eta tresna eta horiei beste erabilera bat emango diegu”, azaldu dute. Azken asteetan ibili dira horiek guztiak batzen, eta hainbat gauza bildu dituztela zehaztu dute. Zapatuan, 17:00etan zabalduko ditu ateak azokak eta 20:30era arte egongo da zabalik. Domekan, berriz, 11:30ean zabalduko dute, eta zozketa bategaz emango diote amaiera eguerdian.
Azokagunean jarriko duten txosnan tortillak eta taloak dastatu eta musika emanaldiekin gozatzeko aukera egongo dela aurreratu dute Azkue Ikastolakoek. Gainera, domekan, 12:00etan umeentzako birziklapen tailerra antolatuko dute. Azaldu dutenez, parte hartzeko, plastikozko botila gogorrak ekarri behar dituzte parte hartzaileek, txikiak (1L) zein handiak (2L) baliagarriak izango dira.