Bizkaiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren 2. jardunaldia lehiatuko dute Ispasterren
Domeka eguerdian egingo dute saioa. Bost talde nor baino nor gehiago ariko dira 640 kiloko kategorian.
Bizkaiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren 2. jardunaldia hartuko du domekan [abenduak 15], Ispasterrek. Bizkaiko lau sokatira taldetako sokatiralariak 640 kiloko kategorian lehiatuko dira.
12:00etan hasiko dute jardunaldia, baina, aurretik, pisaketak egingo dituzte. 10:30etik 11:00etara bitartean pisatuko dira sokatiralariak.
Bost talde ariko dira zein baino zein gehiago. Laukizko Gazteditik bi talde egongo dira, emakumezkoena bata eta gizonezkoena bestea. Murueta, Abadiño eta Goiherri izango dira beste taldeak.
Abenduaren 1ean Laukizen hasi zuten txapelketa. 1. jardunaldian, herriko gizonezkoen taldea izan zen onena. 12 puntu lortu zituzten Gaztediko gizonezkoek. 9 puntugaz Goiherri geratu zen bigarren, eta 6 puntugaz Murueta hirugarren. Abadiño eta Gaztediko emakumezkoen taldea laugarren eta bosgarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.