Gabonetako argiak piztuko dituzte Markina-Xemeinen
Ekitaldi berezia antolatu dute Markina-Xemeingo Hemen be bai merkatari elkarteak eta udalak Gabon ospakizunei hasiera emateko. Herritar guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera.
Piztu Dendak ekitaldi berezia antolatu du aurten Hemen be bai Markina-Xemeingo merkatarien elkarteak, udalarekin batera, Gabon ospakizunei hasiera emateko. Bola erraldoi bat jarri dute Goiko Portalean eta bihar [abenduak 13] 20:15ean piztuko dute Zelaibarriko zuhaitz bategaz batera.
Txokolatea, bizkotxoak eta xanpaina ere banatuko dituztela jakitera eman dute merkatari elkartekoak, herritarrekin batera ospakizunei hasiera emateko, eta ekitalditxoa egingo dute udaletxe aurrean.
Horrez gain, aurten musika jarriko dute, herriko kaleak alaitzeko. Azaldu dutenez, alde zaharrean eta autobus geltokian entzun ahalko dira herriko musikari eta merkatari elkartekoek aukeratu dituzten doinuak abenduaren 24tik 2020ko urtarrilaren 6a bitartean.
Argazki lehiaketa. Gabonak dirauten bitartean martxan egongo da bai eta ere, merkatari elkarteak eta udalak antolatu duten argazki lehiaketa. Parte hartu nahi dutenek Gabonak amaitu arte piztuta egongo den bola erraldoiaren aurrean argazkia atera eta Facebook edo Instagramera igo beharko du #PiztuDendak traola erabilita. Hiru argazki originalenek Hemen Be Bai elkartearen bono bana jasoko dute, herriko saltokietan gastatzeko. Argazkia igotzeko azken eguna urtarrilaren 6a izango da, eta irabazleen izenak urtarrilaren 7an jakinaraziko dituztela azaldu dute.
Azken urteetan modura, Gabonetako zozketako txartelak banatuko dituzte merkatari elkarteko establezimenduek bezeroen artean. Zenbaki saritua abenduaren 31n aterako dute, 15:00etan udaletxeko harreran egingo duten ekitaldian. Urtarrilaren 5eko errege kabalgataren ondoren banatuko dizkiete opari txartelak irabazleei. Agertzen ez dena sari barik geratuko dela zehaztu dute.