Zortzi borrokaldi izango ditu Markina-Xemeingo Boxeo Gauak
Frontoiko ateak 18:30ean zabalduko dira eta ekitaldia 19:00etan hasiko da. Aurreratu dutenez, aurten nahastuta egongo dira kick boxing eta boxeoko borrokaldiak.
Azken orduko aldaketak direla eta, zortzi borrokaldi izango ditu zapatuan [abenduak 14] Markina-Xemeingo Uni frontoian egongo den Boxeo Gauak. Frontoiko ateak 18:30ean zabalduko dira eta ekitaldia 19:00etan hasiko da. Oraindik sarrerarik ez duenak frontoiko leihatilan eskuratu ahalko dituela jakitera eman dute antolatzaileek.
Aurreratu dutenez, aurten nahastuta egongo dira kick boxing eta boxeoko borrokaldiak. Bestalde, nesken borrokarik ez da egongo. Jakitera eman dutenez, partaideetako batek arazo pertsonalak izan ditu, eta ez dago prestatuta borrokan egiteko. Horren ordez, eta emakumeen presentzia bermatzeko, aurkezlea Amaia Sagredo Gorospe izango da.
Guztira, ordu bi inguru iraungo ditu Boxeo jaialdiak. Ondorengoak izango dira borrokaldiak:
- Erlantz (Elite Sport)/Juanillo (Okinawa): 69 kg, boxeo.
- Imanol (Elite Sport)/Hommadi (K2): 63kg, kick boxing.
- Endika (Elite Sport)/Alexis Sosa (Elkar Sport): 60kg, K1.
- Ibai PurriƱos (Elite Sport)/Forer (Okinawa): 69kg, boxeo.
- Quintanilla (Elite Sport)/Ramon (Mt Boxing) : 69 kg, boxeo.
- Anaitz (Elite Sport)/ Ronald (Elkar Sport) (75 kg, K1.
- Luigi Arana (Elite Sport)/Mohamed (Team Caro) :60kg, boxeo.
- Ibai Arantzamendi (Elite Sport)/Raul Tejero (Club Box Tejedor) : 83kg, boxeo.
Emozioz bete. Hiru partaide dira Markina-Xemeindarrak, Elkart Sport gimnasioko Alexis Sosa eta Ronald Cris eta Ibai Arantzamendi. Lehen biek kick boxingean borrokatuko dute eta Arantzamendik boxeoan egingo du. Emozioz betea izango da gainera, bere borrokaldia. Azaldu duenez, aurkaria lortzea ez dute erraza izan, eta azken astean Almeriako (Andaluzia, Espainia) boxeolari batek baiezkoa eman die. “Aurkari gogorra izango da. Boxeoan orain dela gutxi hasi bada ere, Kick boxingean profesional mailan jardundakoa da eta borroka asko ditu”, argitu du Arantzamendik. Hala ere, Markina-Xemeingo boxeolariak sasoi onean dagoela adierazi du, “arin eta prestatuta” eta pisua jaitsita “oso gustura” aurkitzen dela gaineratu du.