Neguko ohiko jakiak dastatu dituzte lagunartean amorotarrek
Herritarrek prestatutako era guztietako jakiak jarri ditu eskura Abenduan, on egin! jaiak, borondatearen truke. Frontoian elkartu dira amorotarrak festa ospatzeko.
Herriko frontoian elkartu dira gaur [abenduak 14] amorotarrak, lagunarteko giroan neguko janariak dastatzeko. Herritarrek prestatutako era guztietako jakiak jarri ditu eskura Abenduan, on egin! jaiak, borondatearen truke. Frontoiaren kanpoko aldean animalien erakusketa ere egon da, ardi, behi eta astoekin.
Guraso Elkarteko, Jubilatuen Elkarteko eta eskolako kide zein beste hainbat herritar amantalak jantzita ibili dira azken egunetan, bai eta gaur ere, sasoi honetan ohiko diren jakiak prestatu eta eskaintzeko. 11:00etan jarri dituzte mahai luzeak frontoian eta apurka-apurka janari gozoz betetzen joan dira denak. Taloak, odolostea, txistorra, salda, karakolak saltsan, arroz-esnea, intxaur saltsa, sagar saltsa, oilo salda, arto zopa, herriko sagardoa eta gaztaina erreak ere eduki dituzte aukeran frontoira hurreratu direnek.
12:00etan hasi dira talo egileak ere martxan. Orea egin eta zapaldu, lan handia eduki dute gaurkoan. Ume, gazte eta heldu, adin guztietako herritarrek aprobetxatu dute aukera, eta ilara luzeak egin dira eguerdi partean. Taloak “oso onak” daudela azpimarratu dute.
Txerria burduntzian. Azken 16 urtetan burduntzian egindako txahala jan izan dute egun honetan Amoroton, baina txahala prestatzen zuen Esteban Espillaren faltan, aurten txerria prestatzea erabaki dute. Arratsalderako prest egoteko, 11:00etan hasi da txerria burduntzian erretzen lau laguneko taldea. Jose Ramon Arriaga, Felix Mari Gabiola, Antxon Gabiola eta Gotzon Bermeosolo arduratu dira txerriaren prestaketaz. “Garagardo egunean plantxan egiten dugu, baina oraingoan burduntzian egitea erabaki dugu”, azaldu dute.
Ateungo txerria 6-7 orduz burduntzian erre ondoren, xehatu eta ardo zuriagaz eta berakatzagaz prestatutako bizigarriarekin bustiko dutela zehaztu dute, “gustu gehiago emateko”. Txerriaren pisua sekretua izan da. Izan ere, aurtengo porra hori berori izan da: txerriak zenbat kilo dituen asmatzea, eta bateko eta besteko zenbakiak ematen ibili dira parte hartzaileak.
19:00etatik aurrera, burduntzian egindako txerri okelaren pintxoak dastatuko dituzte, eta Berriatuko Izarra eta Naiara trikitilarien musikagaz girotuko dute iluntze eta gau partea.