Piztu dituzte Gabonetako argiak Markina-Xemeinen
Udalak eta Hemen be bai herriko merkatarien elkarteak ekimen berezia antolatu dute aurten. 'Piztu dendak' argazki lehiaketa ere martxan egongo da Gabonetan.
Herritar ugari elkartu ziren atzo [abenduak 13] iluntzean Goiko Portalean jarri duten Gabonetako bola erraldoiaren piztea ikusteko. Udalak eta Hemen be bai herriko merkatarien elkarteak ekimen berezia antolatu dute aurten, herritarrak jai giroan murgildu eta tokiko merkataritza sustatu asmoz, eta ume, gazte zein helduek Goiko Portaleko inguruak bete zituzten 20:00ak inguruan.
Herritarren parte hartzea eskertu zuten herriko merkatari elkartekoek. Udal ordezkariek, berriz, “denda gabeko herri bat argi gabeko herri bat” litzatekeela adierazi zuten herriko merkataritzaren garrantzia nabarmenduz. Eta hirura arte kontatu ondoren, bola erraldoiaren argiak eta Bizenta Mogel parkean ere apaindu duten zuhaitzekoak piztu zituzten.
Ekimenagaz jai giroan jarraitzeko, gainera, txokolatea eta xanpaina banatu zituzten, ondoren, merkatari elkartekoek.
Argazki lehiaketa. Asko izan ziren atzo bola erraldoiagaz argazkiak atera zituztenak. Argazki horiek balioko diete, nahi izanez gero, udalak eta merkatari elkarteak antolatu duten argazki lehiaketarako. Izan ere, Gabonen oporraldian martxan egongo da Piztu dendak argazki lehiaketa. Parte hartu nahi dutenek Gabonak amaitu arte piztuta egongo den bola erraldoiaren aurrean argazkia atera eta Facebook edo Instagram sare sozialetara igo beharko du #PiztuDendak traola erabilita. Hiru argazki originalenek Hemen Be Bai elkartearen bonu bana jasoko dute, herriko saltokietan gastatzeko. Argazkia igotzeko azken eguna urtarrilaren 6a izango da, eta irabazleen izenak urtarrilaren 7an jakinaraziko dituztela azaldu dute.