Kortazar, Jauja, Garagarza eta Urkiri saritu dituzte Mutrikuko VII. Kirol Galan
Kirolari onena saria Oihana Kortazar mendi korrikalariak jaso du, Kirol talde onenaren saria Jauja Eskubaloi Taldeko kadete mailako emakumeen taldeak, Kirol ibilbide onena saria Fran Garagarza Eibar futbol taldeko kirol zuzendariak eta Aipamen berezia saria Juanjo Urkiri puntistak.
Mutrikuko VII. Kirol Galan saritutako kirolariak, udal ordezkariekin batera Zazpigarren urtez jarraian, herriko kirolari zein taldeei “merezitako omenaldia”egin nahi izan die Mutrikuko Udalak. Barikuan [abenduak 13] Mutrikuko udaletxeko areto nagusian egin zen VII. Kirol Galan kirol munduan dabiltzan edo ibili diren Mutrikuko eragileei onespena eta eskerrak eman nahi izan zizkieten sari baten bitartez.
Joseba Palenzuela alkateak ekitaldiaren hasieran azpimarratu zuenez, pozik eta harro dago aurten saritu dituzten mailako kirolariek Mutrikuren izena eta izaera Mundu guztian zabalduko dutelako.
Urtero modura, lau sari banatu zituzten, eta horietako lehena Oihana Kortazar Aranzeta mendi korrikalariak jaso zuen. Kirolari onena saria pozik jaso zuen Mutrikun bizi den elgetarrak alkatearen eskutik. Eta jaiotzez herritarra ez bada ere, mota horretako merezimendu saria bizi den herrian jasotzeak ilusio handia egin ziola nabarmendu zuen Kortazarrek.
Hain zuzen ere, mendiko lasterketen ibilbideari Mutrikun eman zion hasiera Kortazarrek; 2008ko Arnoko lasterketan, zehatz esanda. Aurretik, txirrindularitza, ziklokrosa eta duatloietan aritu zen. Orduz geroztik, hainbat mendi lasterketa ezagunetan parte hartzeko aukera eduki du, eta emaitza ezinhobeak lortu ditu munduko hainbat txokotan. Besteak beste, Zegama-Aizkorri ezaguna hainbat aldiz irabazi du, eta horrez gain, Espainiako, Europako txapelketak ere irabazi ditu.
Atzetik, aurtengo Kirol talde onenaren saria eman zuten jakitera: Jauja Eskubaloi Taldeko kadete mailako emakumeen taldea. Lehen taldea 1986-1987 denboraldian eratu zen eta 1998-1999 arte, martxan egon zen. Eskubaloi taldea hainbat urtez geldirik egon ondoren, proiektuari duela 2017-2018 denboraldian eman diote jarraipena, ilusio handiz.
Saria jasotzen hurrengoa Fran Garagarza Eizagirre Eibar futbol taldeko kirol zuzendaria izan zen. Kirol ibilbide onena saria eman zioten futbolari eta entrenatzaile ohiari. Sei denboraldi daramatza Eibarko kirol zuzendari modura, taldea 2.B mailan zegoenetik, hain zuzen.
Azkenik, Aipamen berezia saria eman zioten Juanjo Urkiri Uranga puntistari. Batez ere, zesta-punta sustatzen egin duen lana aitortu nahi izan zioten. Urkirik Miruaitzen eman zituen bere lehendabiziko pilotakadak, eta 1987ko irailean debutatu zuen West Palm Beachen, eta Jai Alaiko frontoi askotan garatu zuen kirol ibilbide profesionala. Profesional izateari aspaldi utzi bazion ere, Danok Bat Pelotazale Elkartean dihardu herriko gaztetxoei zesta-punta irakasten.