Mutrikuko Mizkia auzora doan bidea konpontzen hasi dira
Lanak direla eta, bidea itxita egongo da gaur eta bihar, 09:00etatik 18:00etara.
Mizkiara doan bidea Mutrikuko Udal ordezkariek jakitera eman duenez, Mizkia auzora doan bidea asfaltatzen hasi dira gaur [abenduak 16]. Ohartarazi dutenez, lanak direla eta bidea itxita egongo da gaur eta bihar [abenduak 17] 09:00etatik 18:00etara bitartean.
Galipota botatzen Mijoa ibaiaren gainetik igarotzen den zubian hasiko dira, eta goruntz jarraituko dute, beste 300 bat metro. Lanak, printzipioz, bi egunetan amaitzea aurreikusten dute. Hori bai, lanak amaitzen ez badituzte etzi [abenduak 18] ere bidea itxita egon litekeela esan dute. Lanek 24.000 euro inguruko aurrekontua dute (BEZ barne).
Udal ordezkariek gaineratu dutenez, beste bi auzobide ere konpondu nahi dituzte laster. “Artzainerrekan eta Isasitik Kostolamendira doazen bideetan lur jausiak egon dira. Epe motzean auzobide horiek ere konpontzeko asmoa dugu. Lur jausiak errepidearen azpietan gertatu dira. Bide zatiak erori egin dira; errepidea egonkortu eta betelanak egin beharra dago. Lan horiek kudeatzen eta aurrekontuak eskatzen ari gara”.