Urtarrilaren 30eko Greba Orokorragaz bat egiteko deialdia egin dute Ondarroako pentsiodunek
Alamedan ipintzen duten ohiko pankartaren ondoan, grebagaz bat egiteko deia ere egin dute. Modu bateratuan erakutsi nahi izan dute konpromisoa.
Greba Orokorrerako deialdia, Ondarroan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, 2020ko urtarrilaren 30ean Greba Orokorra egingo dute Bizkai, Araba eta Gipuzkoan lan, pentsio, bizitza eta aurrekontu duinak aldarrikatzeko. Ondarroako Pentsionistak Martxan elkarteak astelehenero egiten duen elkarretaratzea, bestelakoa izan da gaur [abenduak 16]. Alamedan ipintzen duten ohiko pankartaren ondoan, grebagaz bat egiteko deia ere egin dute. Modu bateratuan erakutsi nahi izan dute konpromisoa. “Antolatzaileak beste batzuk badira ere, pentsiodun modura greba hori bultzatu beharra dagoela iruditzen zaigu”.
Pentsiodunen aldarriagaz bat egin dute hainbat sindikatu eta eragile sozialek. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, sindikatuek, ikasle, gazte eta ekologia mugimenduak eta bazterketa sozialaren aurkako kolektiboek deitu dute Greba Orokorra. Mobilizazioak, gainera, mugimendu feministaren atxikimendua ere badu. “Uda baino lehen pentsiodunen mugimenduko elkarteetako kideok beste hainbat taldegaz batzen hasi ginen. Beste pauso bat eman behar zela bat etorri ginen. Lanuzte bat egitea proposatu genien, baina erantzuna guk esperotakoa baino hobea izan da; gure borrokara hainbat kolektibo gehitu dira, eta Greba Orokorra dago deituta. Lanuztea eskatu eta greba orokorra deitzea guretzat oso garrantzitsua da.
Pentsiodunek ahalik eta jende eta indar gehien batu nahi dituzte greban, eta gaiak gaurko zein etorkizuneko pentsiodunei eragiten diela azpimarratu dute. “Gure eskubideak ez eze, etorkizuneko herritarrenak ere babestu nahi ditugu. Gu gurea defendatzera goaz, ez goaz inoren aurka. Zenbat eta jende gehiago batu, hobeto”.
Gutun sozialak bilerak deituko ditu herriz herri datorren asteotan, greba zelan aurrera eraman erabakitzeko. “Nazional mailan, ez eze, herri mailan ere erabaki egin beharko da zer egin. Herri bakoitzak erabakiko du zer egin”.