Berriatuko Udalak 2 milioi euroko aurrekontua edukiko du 2020an ere
Energia planean oinarritua, energia berriztagarrien aldeko apustua egiten jarraituko dute. Besteren artean, Etxepintxo kalea urbanizatzea izango da datorren urteko inbertsio nagusienetako bat.
Berriatuko Udalak 2.005.769 euroko aurrekontua edukiko du 2020an, aurtengoa baino (2.047.620) %2,04 txikiagoa. Jon Arriola Espilla alkateak azaldu duenez, Udal energia plana, Irisgarritasun plana eta Lokal publikoen plana kontutan hartuta markatuta dauden lehentasunen arabera osatu dute aurrekontua.
Etxepintxo kalea urbanizatzea izango da udalaren inbertsio nagusiena. 150.000 euro bideratuko dituzte hori egiteko. Biharko osoko bilkuran lizitatuko dute obra.
“Herri irisgarri bat egitea daukagu helburu moduan jarrita, eta Etxepintxo kaleko urbanizazioa egiteaz aparte, beste 36.000 euro hiritartzerako eta azpiegiturak irisgarriago egiteko gorde ditugu”, adierazi du Arriolak.
Energia berriztagarriak. Ingurumen ikuspuntutik eta Energia planaren barruan, energia berriztagarrien aldeko eta CO2 emisioak jaisteko apustua egin zuen Berriatuko Udalak. Horren garrantzia azpimarratuz, eta horren barruan zenbait partida aurreikusi dituztela zehaztu du alkateak. «Partida berdeak deritzenak dira. Garrantzitsuak dira; berritasun nagusienetakoak”.
Udalaren brigadarako auto elektrikoa erosiko dute, 27.000 euroko inbertsioa eginda. Horrez gain, brigadaren biltegiko teilatuan plaka fotoboltaikoak jarriko dituzte (36.000 euro), eta auto elektrikoentzat karga puntu bat jartzeko 7.000 euro aurreikusi dituzte. 10.000 eurogaz, berriz, baso lursailak erosiko dituzte.
CO2 emisioak %30 jaistearen erronka aitatu du alkateak: “Udal energia plana egin genuen; CO2 emisioa %30 jaisteko helburua daukagu eta horregatik hartuko ditugu neurri horiek”.
Bestalde, aurten egin modura, auzo bideetarako 50.000 euro bideratuko dituzte; auzo bideak konpondu eta mantentzeko eta antzeko inbertsioak egiteko.
Yaalah elkartea. Herriko elkarteentzat aurreko urteko diru laguntza kopuru berdinak mantendu dituzte, eta aurten, Sahararen aldeko Ondarroako Yaalah elkarteari 3.000 euro ematea erabaki dute. “Diru laguntza berria eta garrantzitsua da. Umeak Saharatik uda pasatzera ekartzen dituzte bertora. Eskualde mailako zentro bat egiteko planteamendua dago”, azaldu du Berriatuko alkateak.
2021erako dirua gorde dutela dio alkateak. 2020 osoan eskolako obrak martxan egongo dira, eta hori amaitutakoan beste beharrizan batzuk sortuko direla argi daukate: «Eskolako obra amaitutakoan beste inbertsio batzuk etorriko dira.Obra garrantzitsua da. Ez dugu guk ordaintzen, Hezkuntzak baizik, baina, plaza okupatuta dugu eta egunerokotasuna mugatzen du».