Isuntzako aldagelak berrituko ditu Lekeitioko Udalak
Aldaketa nabarmenena emakumeen aldagelan egingo du udalak espazioa birbanatu eta gune handiagoa sortuz.
Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, Isuntza arraun elkarteak Txatxo Kaian dituen bulego eta aldagelen eraikinean berrikuntza lanak egingo dira hurrengo hilabeteetan. Bulegoak, gimnasioa, zulogunea, aldagelak, komunak eta biltegiak daude, besteak beste, eraikinean, 1.040 metro koadroko espazioan.
Komunak berrizteaz gain, aldaketa nabarmenena emakumeen aldagelan egingo du udalak espazioa birbanatu eta gune handiagoa sortuz. “Aldagelak eta komunak bat egingo dute 34,12 metro koadroko espazioan. Era berean, aldagela berri horietako altzariak ere egokitu egingo dira erabiltzaileen erosotasunerako”, zehaztu dute. Lan horiek guztira bi hilabeteko iraupena izatea aurreikusten du udalak eta 106.584,48 euroko aurrekontua izango dute.
Isuntza arraun elkarteko arraunlarien kopuruak gorantz egin du nabarmen azken urteetan, eta erabiltzaile guzti horientzako “zerbitzurik onena eskaintzeko” egingo direla berrikuntzak esan dute. Kategoria guztiak batuz 167 arraunlari ditu Lekeitioko arraun elkarteak, 82 neska eta 85 mutil.