Markina-Xemeingo Goxua esku pilota txapelketak baditu finalistak
Lau bikote ariko dira zein baino zein gehiago, urtarrilaren 3an jokatuko diren finaletan. Orain arteko txapelketaren balorazio ona egin dute antolatzileek.
Asteburuan erabaki dira Markina-Xemeingo Goxua esku pilota txapelketako finalistak. Lau bikote ariko dira zein baino zein gehiago, urtarrilaren 3an jokatuko diren finaletan. Lehen mailan Iñaki-Pello eta Berasaluze-Balsera neurtuko dira eta bigarren mailako finala Laka-Ube eta Jonro-Olabe bikoteen artekoa izango da.
Emozioz bete egon dira finalaurrekoak, eta finalak ere horrela izatea espero da. Eguenean [abenduak 12] jokatu ziren lehen finalerdiak frontoi txikian. Bigarren mailan Jonro-Olabe bikoteak eta Etxeta-Eluk neurtu zituzten indarrak, eta lehia estu baten ostean, Jonro eta Olabe izan ziren nagusi Etxeta eta Eluri 18-13 irabazita.
Lehen mailako lehia ere egon zen eguenean Berasaluze-Balsera eta Gorosabel-Zubilla bikoteen artean. Bigarren partida horretan Berasaluze eta Balsera izan ziren nagusi, 18-13 irabazi zieten Etxebarriko bikoteari.
Pilota zale ugari batu ziren zapatu arratsaldean [abenduak 14] lehen mailako bigarren finalerdia ikusteko. Iñakik eta Pello aulestiarrek nagusitasunez irabazi zieten Berriatuko Perran anaiei. Maila onean ibili da Berriatuko bikotea txapelketan, baina zapatuan ez zuten asmatu. Iñakik eta Pellok, ostera, partida bikaina jokatu zuten, eta 18-4 irabazita lortu zuten finalerako pasea.
Domeka goizean [abenduak 15] erabaki zen finalean egongo den azken bikotea. Laka-Ube eta Etxebarrieta-Urrutia bikoteak partida orekatu eta berdindua jokatu zuten, azkenean, baina, Laka eta Ube beteranoek egin zuten aurrera 18-14 irabazita.
Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko arduradunak azaldu duenez, 18:30ean hasiko dira urtarrilaren 3ko finalak. Aurretik, hala ere, eskolako pilotari gazteen partidak antolatu nahi ditu. Horrez gain, kinielak egitako asmoa ere badaukate. “Emaitzak igarten dituenarentzat saria egongo da”.
Orain arteko txapelketaren balorazio ona egiten du Urionabarrenetxeak, eta norgehiagokari jarraipena ematea daukate asmoa. “Ea datorren urtean jende gehiago animatzen den parte hartzera”. Aurten, Markina-Xemeingo Esku Pilota Eskolako jokalari ohiez gainera kanpoko gutxi batzuk ere animatu dira parte hartzera.
Finalak zirraragarriak izango direla aurreikusten du, eta ikustera gonbidatu ditu pilota zale guztiak.