Faborito nagusiak batuko dira Berriatuko Banakakora
Aimar eta Laduche sailkatu dira lehen jardunaldietan finalaurrekoetarako, eta Olha eta Lopez izango dituzte aurkari. 21:00etan hasiko dira barikuko [abenduak 20] partiduak.
Emozioz betetako lehen jardunaldi bien ostean, zirraraz beteriko finalaurrekoak itxaroten dira Berriatuko Mendibarren frontoian. Ikusmin handia eragin du Berriatuan Imanol Lopezen etorrerak, zumaiarra eta Christophe Olha Donibane Garaziko pilotaria asteburu honetan jokatuko den hirugarren jardunaldian batuko dira Jai Alai World Tour-aren Banakako zesta-punta txapelketara.
Banakakoaren lehen bi ekitaldiak oso dotoreak izan ziren. Barikuan [abenduak 13] eta zapatuan [barikuak 14] partidu bikainak eskaini zituzten puntistek, eta denak desberdinketaz erabaki zirenez emozioa uneoro bizi izan zen Mendibarren frontoian. Azkenean, Aimar eta Ladutxe sailkatu ziren finalaurrekotarako, Antxon eta Etcheto txapelketatik kanpo utzita lehenengo, eta ostean, Hormaetxea eta Arbe etxeratuta.
Finalerdi biak barikuan [abenduak 20] jokatuko dira. Antolatzaileen esanetan Zumaiarra faborito argia da, baina kontu izan beharko du Ladutxegaz, “horrek lotsagabe jokatuko baitu”. Aurretik arituko dira zein baino zein gehiago Aimar Aldazabal berriatuarra eta Olha. “Partidu borrokatua aurreikusten da, eta etxeko arnasa bere eginez aukerak baditu Aimar Aldazabalek”.
21:00etan hasiko dira finalaurrekoetako norgehiagokak. Irabazleek abenduaren 27an jokatuko dute finala.