Markina-Xemeinen jokatuko da Bizkaiko finala
Gernika-Lumo, Markina-Xemein eta Berriatuko bikoteak ailegatu dira Kluben arteko txapelketaren finaletara. 17:00etan hasiko dira norgehiagokak.
29. Bizkaiko Kluben arteko txapelketaren finalak jokatuko dira barikuan [abenduak 20] Markina-Xemeingo Uni frontoian. 17:00etan hasita kadete, gazte eta nagusien mailetako partidak jokatuko dira.
Kantxara ateratzen lehenengoak kadeteak izango dira. Maila horretan Gernika-Lumoko Euskal Jai Alai Zesta Punta Elkarteko eta Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako puntistak aurkituko dira aurrez aurre. Gernikako bikotea Arratibelek eta Morenok osatzen dute Markina-Xemeingo Eskolako pilotariak Zelaia eta Iriondo dira.
Gazteen mailako norgehiagoka jokatuko dute ondoren. Maila horretan ere Gernika-Lumoko eta Markina-Xemeingo puntistak ailegatu dira finalera. Euskal Jai Alai Zesta-Punta Elkarteko Aranda eta Oier eta Markina-Xemeingo Arakis eta Atain II ariko dira zein baino zein gehiago.
Azkenik, mutilen nagusien mailako finalistak aterako dira kantxara. Garaipena Berriatura joango dela ziur dago Berriatuko eskolako bikoteak ailegatu dira eta finalera. Alde batetik, Antxonek eta Lekuek jokatuko dute, eta bestetik, Mugartegik eta Ruizek.
Gabon Saria. Finalen aurretik Gabon Saria zesta-punta txapelketako partidak ere jokatuko dituzte gazteek. Beste txapelketa batzuk tarteko, kanporaketekin jarraituko dute 2. eta 3. mailetako puntistek. 3. mailako kiniela bi jokatuko dira lehendabizi eta bigarren mailakoa, ondoren, hirurak 15 tantotara.
Maila bi horietako kanporaketak abenduaren 27an amaitzea dauka asmoa Markina-Xemeingo Zesta-punta Eskolak. Lehen mailako finalistak, ostera, erabakita daude. Denek denen kontra jokatu dute, eta tanto gehien eskuratu dituzten hiru aurrelariak eta hiru atzelariak zehaztuta daude jada. Ondorengoek jokatuko dute urtarrilaren 3ko finala: Jokin-Oinatz, Pagaldai-Arai eta Ezpeleta-Elosegi.
Aurrelarien artean, 72 puntugaz Jokin Maguregi geratu da lehenengo, 48 puntugaz Gillen Pagaldai izan da bigarrena eta Pello Ezpeletak lortu du hirugarren puntuaziorik onena, 46 puntu. Atzelariei dagokionez, Oinatz Garitagoitiak 58 puntu lortu ditu lehen postua bere eginez, Arai Lejardi 48 puntugaz izan da bigarrena, eta Joseba Elosegi geratu da hirugarren lekuan 45 puntugaz.
Beste maila bietako puntuazioak datozen asteburu bietan zehaztuko dira. Zesta-punta eskolakoek azaldu dutenez, nahiko berdinduta daude gazteak, laupabost tantuko aldeagaz.