Resurreccion Maria Azkue omenduko du Euskaltzaindiak Lekeition
Lore eskaintza egingo diote barikuan [abenduak 20], 12:00etan, Andre Maria Jasokundearen basilikan.
Euskaltzaindiaren mendeurrenean, Akademiak gorazarrea egin nahi dio Resurreccion Maria Azkue lehen euskaltzainburuari (1919). Hori dela eta, Lekeitioko Udalagaz batera ekitaldi bat antolatu dute barikuan [abenduak 20] Andre Mariaren Jasokundearen basilikan.
Omenaldian lore-eskaintza egingo diote Azkueri, eta bertan parte hartuko dute, besteak beste, Koldo Goitia alkateak, Benito Ansola apaizak eta Itxaro Mentxaka mezzosopranoak. Euskaltzaindiak jakinarazi du ekitaldi irekia izango dela, eta Lekeitioko herri osoa gonbidatu dute 12:00etan hasiko den omenaldira.
Horrez gain, Euskaltzaindiak urteko azken osoko bilkura egingo du herriko udaletxean.