Elikagaien Bankurako bilketak, gorabeheratsuak
Bizkaiko eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuek egindako janari bilketako emaitzak ez dira espero bezain onak izan. Lea-Artibaiko herriek eta Mutrikuk ere parte hartu zuten bilketan.
Azaroaren 22an eta 23an Elikagaien Bankuek egindako janari bilketako emaitzak ez dira espero bezain onak izan. Iaz baino kilo gutxiago bildu dituzte aurten, ia 900.000 kilo elikagai bildu zituzten Bizkaian (2018an milio bat kilo izan zen batutakoa) eta Gipuzkoan 648.000 kilo eskuratu dira (iaz 661.462 izan ziren). Lea-Artibai eta Busturialdeko herriek eta Mutrikuk ere parte hartu zuten bilketan, baina emaitzak beste era batekoak izan dira oro har.
Markina-Xemeinen Elikagaien Bankurako bilketaz arduratzen den Caritas taldekoek azaldu dutenez, iazko kopurua gainditu zuten janaritan. 3.500 kilo batu dituzte, hain zuzen, iaz baino 300 kilo gehiago. Diru laguntzetan, ostera, jasotakoa gutxiago izan dela azaldu dute: 1.775 euro (2.000 euro izan ziren 2018an).
Markina-Xemeingo Lea-Artibai Ikastetxeko hainbat ikasle izan zituzten boluntario modura laguntzen bilketan, eta horien guztien prestutasuna eskertu du elkarteak.
Batutako janaria urtarrilean hasiko dira banatzen, Gabonetako banaketarako bazeukaten eta nahikoa. «Markina-Xemein eta Etxebarriko 95 familia laguntzen ditugu, eta gutxi gorabehera 1.200 kilo behar izaten dira hilean». Orain, jantzi eta oinetako bilketa egingo dute.
Azaroaren amaieran Danonartin elkartea desagertzeko zorian zegoela eta, Arta Bide eta Kamiñazpiko dendetan egin zuten bilketa Ondarroan, eta guztira 1.150 kilo batu zituzten. Elkartea berriro indartuta, herrirako janari bilketa egin du Danonartin Elkarteak abenduaren 13an eta 14an herriko 11 dendatan. Oraingoan, guztira, 2.200 kilo batu dituzte, eta jada egin dute banaketa. Elkarteko kideek balorazio positiboa egin dute. Izan ere, asteburuan hainbat herritar egon dira herriko denda ezberdinetan elikagaiak jasotzen, eta eskerrak eman dizkiete boluntarioei eta herriko dendei.
Lekeitioko hiru denden artean 11 palet eta 44 kaxa janari bete zituzten Elikagaien Bankurako Bilketa Handian. Orain, berriz, herriko Elikagaien Bankurako batzen ari dira. Herriko zazpi dendatan eman daiteke janaria, eta hiru botiketan fardelak, esnea eta papillak ere bai. Marisol Iturraspe Lekeitioko Elikagaien Bankuko arduradunak azaldu duenez, San Tomas eguneko azokan ere egongo dira bankurako dirua lortzeko. «200dik gora pertsonei laguntzen diegu hilero».
Esker onez. Mutrikuko Elikagai Bankuko boluntarioek Bergarako elikagai bankuarekin elkarlanean egin zuten bilketa azaroaren 22an eta 23an. Herriko dendetan, alde batetik, 950 kilo elikagai batu zituzten. Era berean, dendetan ipinitako itsulapikoetan 791 euro jaso zituzten. Beste alde batetik, DIA supermerkatuan 1.900 kilo inguru jaso zituzten.
Gabonetako banaketa berezia abenduaren 12an egin zuten. «Erabiltzaileek bete-bete egindako saskiak eraman zituzten etxera». Eta dendetako itsulapikoetan jasotako diruari esker, jaki freskoak ere erosi zituzten saskietan sartzeko. «Bergarako Elikagai Bankutik, gainera, Gabonetako gozo bereziak ere bidali dizkigute erabiltzaileen artean banatzeko».
Mutrikuko Elikagaien Bankuko boluntarioek azaldu dutenez, beste urte batzuetan baino zer edo zer gutxiago jaso dute, baina pozik daude jasotako guztiarekin. «Bilketa egin zen asteburuan eguraldi oso txarra egin zuen, eta horrek ere eragin zuela uste dugu». Beste behin ere, herritarren eskuzabaltasuna eskertu nahi izan dute.