Endika Uriondo gizaburuagarrak bi final jokatuko ditu datozen asteotan
Domekan Bankoa Credit Agricole-EL DIARIO VASCO torneoaren finala jokatuko du Iñaki Elola aurrelari bidaniarragaz bikotea osatuta. Abenduaren 31an, berriz, Olazar Txapelketaren finala dauka.
Endika Uriondo atzelari gizaburuagarrak Bankoa Credit Agricole-EL DIARIO VASCO torneoaren finala jokatuko du Iñaki Elola aurrelari bidaniarragaz bikotea osatuta, domeka honetan [abenduak 22]. Iraitz Zubizarreta ataundarra eta Iker Mariezkurrena berriozartarra mendean hartu beharko dituzte txapela eskuratzeko.
Abenduaren 1ean lehiatu zuten finalaurrekoa Aitor Etxebarria nabarniztarraren eta Josu Irurita nafarraren kontra Tolosan, eta 22-13 irabazi zieten. “Multzo buru legez, final laurdenetan hasi genuen txapelketa guk. Elkar ondo hartu dugu; kantxa barruan zein kanpoan ondo eroaten gara. Final laurdena eta finalaurrekoa ondo jokatuta irabazi ditugu, nahikoa erraz. Biok pixka bat arriskutsuak eta gorabeheratsuak gara; partidu bat ona eta bestea txarra eduki ahal ditugu”, azaldu du gizaburuagarrak.
Iazko txapelduna da Uriondo eta aurten txapelari eusteko erronkari aurre egin beharko dio. Iaz Eneko Labakagaz bikotea osatuta, Ioritz Egiguren eta Oier Etxebarriaren kontra lehiatu zuten finala (22-12). Bigarren urtez jarraian, txapelketa irabaztea da bere helburua. Domekako finalean faborito argirik ez dagoela dio. “Zubizarreta afizionatuetan dagoen aurrelari onenetariko da. Baina guk finalaurrekoa eta final erdia eurek baino errazago irabazi ditugu. Horregatik ez dut uste faborito argirik dagoenik. Zubizarreta gainetik pasatu eta jokoan sartzen ez uztea eta atzelaria zigortzea izango da gure lana”.
Zaldibarren. Abenduaren 31an, berriz, Olazar Txapelketaren finala lehiatuko du, Zaldibarren. Oscar Lerena errioxarra izango du aurrean, eta Zubizarreta eta Aitor Elizegi gipuzkoarra izango dituzte aurkari.
“Finalaurdena eta final erdia irabazi ditugu, baina, Diario Vasco txapelketan bezain ondo ez dugu jokatu. Finala berriro zerotik hastea da, eta ea hobeto jokatzen dugun, eta irabaztea lortzen dugun”, adierazi du Uriondok.
Baikogaz aurrekontratua dauka abenduaren 31ra arte, eta profesionaletan debutatuko ote duen jakinaraztearen zain dago Gizaburuagako atzelaria. Bere ametsa betetzeko ilusioa dauka pilotari gazteak.