Euskal Herriko zaldi-mando proben txapelketa lehiatuko dute Gabonetan, Munitibarren
Abenduaren 24ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean arratsaldez egingo dituzte saioak. Sari orokorrez gain, Lea-Artibaiko hiru onenak ere sarituko dituzte.
Munitibarko Udalaren kirol batzordeak zaldi probak antolatu ditu Gabonetarako. Hain zuzen, 2019ko Kinttopeko zaldi-mando probak eta 2019ko Euskal Herriko zaldi-mando proben txapelketa lehiatuko dituzte frontoiko probalekuan. Abenduaren 24ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean arratsaldez egingo dituzte saioak, eta lehen egunean, kinttopekoak ariko dira.
Abenduaren 24ean, Aulestiko Ibekohondoren, Markina-Xemeingo Agarreren eta Guriezoko Fermin Santamariaren zaldiak ariko dira deman, 17:00etatik aurrera.
Urteko azken egunean ere 17:00etan hasiko da proba, eta Koba aulestiarraren, Gamizko Construcciones Torrontegiren eta Guriezoko Santamariaren zaldien txanda izango da. Urtarrilaren 1ean, berriz, 18:00etan hasiko dira lanean. Aulestiko Juan Uriarteren, Nabarnizko Nabarniz Jatetxearen, Maumeko Baraiazarraren eta Guriezoko Javier PeƱaren arteko lehiagaz amaituko dute txapelketa.
Bizkaiko Kirol eta Joko Federakundeak kontrolatuko ditu saio guztiak, eta Munitibarko 1.000 kiloko harria erabiliko dute. Abereen oinarrizko pisua 400 kilokotan ezarri dute; pisua gainditzen duenak, kilo bakoitzeko kilo bat hartu beharko du (saioak hasi baino ordubete lehenago pisatuko dituzte zaldiak).
Sariak. Euskal Herriko txapelketari dagokionez, txapeldunak 800 euro eta manta irabaziko ditu. Txapeldunordeak 700 euro eta bi ardo botila jasoko ditu eta hirugarren sailkatuak 650 euro (lehenengo hamarrentzat egongo dira sariak). Lea-Artibaiko onena 200 eurogaz sarituko dute; bigarren sailkatuak 150 euro jasoko ditu eta hirugarrenak 100 euro.
Kinttopeko probaren irabazlea 700 eurogaz eta mantagaz sarituko dute. Bigarren sailkatuak 600 euro eta bi ardo botila irabaziko ditu eta hirugarrenak 550 euro. Laugarrenak eta bosgarrenak 500 euro eta 450 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren.