Aspanovas elkarteari laguntzeko lehenengoz egin dute jaialdia. Aurreikuspenak "gainditu" dituzte, eta Berriatuko zesta eskolaren ordezkariek balorazio oso positiboa egin dute.

Ehunka lagunek elkartasunez bete zuten Mendibarren frontoia, urtarrilaren 3an. Berriatuako zesta eskolak Aspanovas Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkartea laguntzeko helburuagaz antolatu zuen I. Zesta-punta jaialdi solidarioa.
Balorazio oso positiboa egin dute antolatzaileek. Lea-Artibaiko herrietako bizilagunak batzeko helburua zeukaten, eta aise bete zuten helburua. Deialdiari erantzun paregabea eman zioten herritarrek. Frontoia beteta egon zen uneoro: “Jende pila bat batu zen, gehienbat eskualdekoak”. 17:00etan umeen kinielekin hasi zuten jaialdia, eta 23:00ak ingurura arte iraun zuen. Antolatzaileek esan dutenez, jendearen sartu-irtena etenbakoa izan zen.
Sarrerekin eta sariekin 7.561,70 euro bildu dituzte. Zesta eskolako zein Aspanovaseko arduradunak oso pozik daude. Aurreikuspenak gainditu zituzten, eta datorren urtekoari begira daude dagoenerako: “Pentsatu baino diru kopuru handiagoa da. Oraindik ez dugu berba egin, baina hurrengoan zer egin zehaztuko dugu. Ea bigarrenean zen egiten dugun, hori da erronka”.
Ahalik eta diru gehien batzea zen erronka, eta bildutakoagaz ez ezik, sortutako giroagaz ere pozik daude. “Dena ezin hobeto atera zen. Bertan eta hurrengo egunetan ere jendeak esan digu itzela izan zela, eta sare sozialetan ere erantzun positibo pila bat jaso ditugu”. Horregatik, jendearen erantzuna azpimarratzeagaz batera, eskerrak eman dituzte antolatzaileek. Izan ere, jaialdian bildutako jendeaz gain, herriko komertzio eta tabernen laguntza eduki dute sarien bidez dirua lortzeko.
Athletic, Reala, Eibar, Osasuna eta Chelsea futbol taldeen kamisetak, Goikoren kamiseta, zesta eskolako otzara, bertoko produktuen hiru otzara, otorduak… 21 bat sari zozkatu zituzten, eta horietatik pare bat banatu barik daude. Berritxu Logeletan gaua 1.945 zenbakiarentzat izan zen (3.354 da ordezko zenbakia). Bertako produktuen otzara baten sariduna ere ez da oraindik agertu; 1.782 zenbakiari egokitu zaio (3.765 da ordezko zenbakia). Hamabost eguneko epea jarri zuten, eta sarituak Mendibarren frontoiko telefono zenbakira deitu dezakete: 94-613 92 18.
Superheroiak gogoan. Minbizia daukaten haurrak izan ziren zesta jaialdiaren protagonistak. Eurei eta euren familiei laguntzeko elkartu ziren ehunka lagun, eta zesta eskolako umeek keinu berezia egiteko aprobetxatu zuten. Nagusien partiduen tartean, ume batzuk zapi arrosekin irten ziren, eta beste batzuk pare bat bertso bota eta aurreskua dantzatu zuten. Dantzariak, gainera, superheroi jantzita egon ziren, minbiziadun haurren kemena irudikatuz. “Ume denak izan ziren zesta eskolakoak. Omenaldia oso polita izan zen, hunkigarria”.
Elkartasuna zen jaialdiaren helburua, baina Mendibarrenen batutakoek zesta ikuskizun ederraz gozatu zuten. Jon-Bilbao eta Antxon-Arriola bikote berriatuarrak atera ziren kantxara lehenengo, eta ondoren, zesta eskolako bi puntista ezagunek izen handiko izarrekin jokatu zuten. Hain zuzen, Aimarrek Hormaetxeagaz osatu zuen bikotea eta Lekuek Goikoetxeagaz. “Bi partiduak oso parekatuak izan ziren; oso lehiatuak izan ziren. Izugarrizko giroa egon zen”.

Argazkia: Berritxuko Zesta Eskola.