Zabalik dago Kalamua Barinaga Jaitsieran parte hartzeko aukera
Urtero modura, hainbat ekitaldi antolatuko ditu Barinagako Jai Batzordeak sanantonak ospatzeko. Kalamua Barinaga Jaitsiera, Bertso afaria eta Jubilatuen bazkaria daude, besteak beste.

Urtarrilaren 17tik 19ra ospatuko diren Barinagako San Anton jaietako ekintza ezberdinetan izena emateko epea zabaldu du Barinagako Jai Batzordeak. Urtero modura, beste hainbat ekitaldiren artean, Kalamua Barinaga Jaitsiera, Bertso afaria eta Jubilatuen bazkaria prestatuko dituzte, eta parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik.
IV.Kalamua Barinaga Jaitsiera mendi lasterketan parte hartu nahi dutenek Kirolprobak webgunean eman behar dute izena. Antolatzaileek zehaztu dutenez urtarrilaren 15a izango da izena emateko azken eguna, eta gehienez 100 dortsal egongo dira. Urtero modura 3,6 kilometroko mendi ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek urtarrilaren 18an, Kalamua menditik Barinagako frontoi pareraino. 12.00etan hasiko dute lasterketa.
Urtarrilaren 17ko jubilatuen bazkarian zein urtarrilaren 18ko bertso afarian parte hartzeko berriz, Baskaran estankoan eta Kontzeju Zaharra tabernan eman beharko da izena. Bertso afariak 30 euro balioko ditu, ikasle eta langabetuek, ostera 22 eurotan lortuko dute afariko txartela. Nerea Ibarzabal Salegi eta Andoni EgaƱa Makazaga bertsolariak ariko dira koplatan aurten ere, eta afarirako 100 sarrera besterik ez dira egongo. Jubilatuen bazkariari dagokionez, izena emateko azken eguna urtarrilaren 16a izango dela jakitera eman dute.