Aspaldiko pilotari kopuru handiena izango du Lekeitioko Beteranoen txapelketak
Domekan [urtarrilak 12] hasiko da martxan Lekeitioko trinketean, XV. esku pilota txapelketa. Bikoteak zehaztuta ditu antolakuntzak.
Zortzi bikotek jokatuko dute aurten Lekeitioko Akarregi Pilota Taldeak antolatzen duen Beteranoen Trinketeko Esku Pilota Txapelketa. XV. txapelketa izango da aurtengoa, eta nabarmendu dutenez, 2010koaz batera “partaideen errekorra” lortu dute, 16 izango dira guztira.
Domekan [urtarrilak 12] hasiko da martxan txapelketa Lekeitioko trinketean. Bikoteak zehaztuta ditu antolakuntzak. Alde batetik, Urkiaga eta Madariaga eibartarrak jarri dituzte batera. Jakinarazi dutenez, bikote horrek lehenengoz parte hartzen du txapelketan eta ezustekoa eman dezake. Beste bikote bat Roberrek (Eibar) eta Condek (Elgoibar) osatzen dute. Azaldu dutenez, Rober berria da, baina atzean Conderen laguntza izango du, elgoibartarra birritan izan da txapeldun.
Hidalgo (Lekeitio) eta Txapartegi (Ermua) ere berriak dira, eta, “eskuko minik ez badute nabaritzen”, lehiakorrak izango direla aurreikusten dute antolatzaileek. Martin eta Foster lekeitiarrek osatzen dute beste bikote bat. “Aurrelaria hainbat bider izan da azpi-txapelduna eta paper ona egitea espero da”.
Beraza (Elgoibar) eta Telleria (Mallabia) azken hori hiru urteetako txapelduna batera ariko dira, bai eta Astigarraga (Deba) eta Pradera (Mallabia) ere. “Asti iazko txapelduna dugu eta 65 urterekin beteranoena, aurten ere fin ibiliko dira”.
Gandiaga I eta Gandiaga II anai berriatuarrak elkarrekin joango dira eta finalean egoteko faboritoak dira, eta azkenik, Jaunarena (Garzaron-Nafarroa) eta Egaña (Mendaro) ariko dira elkarregaz. Bikote “orekatu eta sendoa” osatzen dutela esan dute.
Norgehiagokako gazteena, 41 urtegaz, Iban Gandiaga berriatuarra dela zehaztu dute antolatzaileek. Nagusiena, aldiz, 66 urte dituen Astigarraga. Epaile modura, ostera, Izarra, Arrate eta Arrizabalaga ariko dira.
Lehen jardunaldia. Hiru partida egongo dira jokoan domekan. 09:30ean hasiko da lehen partidua Urkiaga-Madariaga eta Rober-Conderen artean; 10:15etik aurrera, berriz, Hidalgo-Txapartegi eta Martin-Foster bikoteen txanda izango da, ondoren, 11:00etan, Beraza-Telleria eta Astigarraga-Pradera neurtuko dira, eta azkenik, 11:45ean Gandiaga I-Gandiaga II eta Jaunarena-Egaña egongo dira aurrez aurre.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, otsailaren 23ean erabakita geratuko da ligaxkako sailkapena, eta lehen gelditzen diren laurak finalaurrekoetara igaroko dira. «Txapelketa honetan tanteoak ez dauka zerikusirik, horregatik joko polita eta bizia ikusteko aukera egoten da».