Ondarroako Udalak Iparragirre eta Iparkale lotzen dituen igogailuagaz "erakutsitako utzikeria" salatu du EAJk
"EH Bilduren Gobernu Taldeak esan zuen apurtuta zegoen kristala konponduko zuela eta urte amaierarako igogailua martxan egongo zela. Azkenean, baina, urtarrilaren 10era atzeratu dute".
Ondarroako EAJren Udal Taldeak dio EH Bilduren Gobernu Taldeak Iparragirre eta Iparkale lotzen dituen igogailuaren mantentze lanetan “utzikeria” erakutsi duela. “Duela urtebete egindako derrigorrezko ikuskapenean apurtuta zegoen ateko kristala konpondu behar zuela jakinarazi zieten teknikoek udal ordezkariei. Dena dela, azpiegitura martxan jartzeko baimena eman zuten. Azaroan, baina, udalak oraindik kristalik ez zuela aldatu ikusita, igogailua itxi egin zuten, kristala konpondu arte”.
Teknikoek hartutako neurri horren aurrean, udalak atea konpontzeko asmoa iragarri zuela diote jeltzaleek. “Hasiera batean abenduaren 23rako igogailua berriz martxan egongo zela esan zuten. Baina gaur gaurkoz, kristalak konpondu barik jarraitzen du, eta igogailuan ipini duten kartel batean zehaztu dute konponketa urtarrilaren 10era (barikua) arte atzeratu dela eta egun horren ipiniko dutela berriro martxan”.
Horren aurrean, jeltzaleek gertatutakoa “ulertezina” dela diote. “Ulertezina da apurtuta ez dagoen igogailu bat, kristal berri bat baino behar ez duen igogailu bat hainbeste denboran konpondu ez izana”. Alde zaharrean mugikortasun arazoak dituzten eta igogailua ezinbestean behar duten herritarrak bizi direla gaineratu dute. “Denbora guzti honetan, baina, ezin izan dute igogailu hori erabili, ezta Gabon sasoian ere”. Maria Dolores Etxano Ondarroako EAJren udal taldeko bozeramaileak dio gauza batzuk “premiazkoak” direla eta jarraipen berezia egin behar zaiela, “konponketa hau adibidez”.