Lekeitioko Udalak Emakume Sortzaile eta Ekintzaileen IV. Azokan partehartzeko deialdia zabaldu du
Azoka martxoaren 15ean izango da. Parte hartu nahi dutenek otsailaren 3ra arte edukiko dute izena emateko aukera.
Laugarren urtez Emakume Sortzaile eta Ekintzaileen azoka antolatuko du Lekeitioko Udalak Lekeitio eta inguruko emakumeek egiten duten lana ikusarazi eta horri presentzia eta indarra eman asmoz. Martxoaren 15ean egingo da azoka Independentzia plazan, hori dela eta, eskabideak egiteko epea zabaldu dute parte hartu nahi dutenentzat.
«Lekeitioko plazan izango da azoka, eta gehienez hamabi saltoki jarriko dira», azaldu dute. Eguraldi ona balego, azoka plazan bertan jarriko dutela jakinarazi dute, euria edota haizea iragarrita balego, berriz, Kontzijopean, udaletxe azpian, ipiniko dituzte saltokiak.
Informazioa. Otsailaren 3ko 14:00ak arte edukiko dute interesdunek azokan parte hartu ahal izateko izena emateko epea zabalik. Oinarriak begiratu eta eskari orria eskuratzeko udaletxeko harrera zerbitzura jo dezakete. Horrez gain, Lekeitioko Udalaren webgunean aurkitu daiteke informazioa eta emailez ere egin daiteke eskabidea lekeitioberdintasuna@gmail.com helbidera idatzita.