Nazareno Eguna ospatzeko kontzertua emango du Mutrikuko Musika Bandak
Zabiel Kultur Etxeko ganbaran eskainiko dute domekan emanaldia, 13:00etatik aurrera. Aurretik kalejira egingo dute.
Nazareno Eguneko kontzertua emango du Mutrikuko Musika Bandak, domekan [urtarrilak 19]. Betiko egin bezala, 10:45ean Goiko Plazatik komendurainoko kalejira egingo dute musikariek. Komenduan meza egongo da 11:00etan, eta ostean, herritarrak bandako kideen musikak lagunduta kalejiran joango dira berriro ere Goiko Plazara. Ostean, Josean Pascualen zuzendaritzapean, 13:00etan hasiko dute kontzertua, Zabiel kultur etxeko ganbaran.
Hala, aspalditik datorren tradizioari eutsiko diete beste behin, mutrikuarrek, herriko arrantzaleen ohorezko santuaren eguna baita: “Herriko nagusienentzat zerbait sakratua da Nazareno Eguna, oso jai garrantzitsua. Kontzertuko ezaugarri nagusiena Mutrikuar abestiak kanta jotzen dugula izaten da. Urtero egun horretan soilik jotzen dugu. Kantu zahar ezagun asko daude, bai Mutrikun kantatu izan direnak eta baita ere Euskal Herri mailan kantatzen direnak”, azaldu dute bandako kideek.
Abesti desberdinekin konposatu zuen abestia Iñaki Lekube mutrikuarrak: “80ko hamarkadan Miguel Arrietak batu zituen bere kantak. Mutrikuko salbea, Ni naiz kapitain pilotu, Itsasoa laino dago… denok ezagutzen ditunak dira». Horrekin batera, abesti horiekin osatuko dute aurtengo errepertorioa: Campanera (G. Monreal), Tancredi (G.Rossini), La boda de Luis Alonso (G.Gimenez) eta Oregon ( Jacob de Haan).
CDak. Ordubete inguruko kontzertua izango da, eta, amaitzean, bazkide kanpainaren barruan, iazko hiru kontzerturekin osatutako CDak banatuko dizkiete bazkideei. “Batzuek jaso dituzte, baina oraindik ez dituztenek, domekan edukiko dute aukera jasotzeko, bai eta 2020ko kuota ordaintzeko ere”.