Zaldi proben Euskadiko eta Bizkaiko txapeldunak erabakiko dira Aulestin
2019ko Bizkaiko Kinttopeko Txapelketa erabakiko da zapatu gauean. Domeka arratsaldean, berriz, 2019ko Euskadiko Zaldi Proben Txapelketa lehiatuko dute.
Zaldi proba zaleek hitzordu bikoitza daukate asteburu honetan, Aulestiko probalekuan. 2019ko Bizkaiko Kinttopeko Txapelketa jokatuko dute zapatu gauean [urtarrilak 18], eta biharamunean, 2019ko Euskadiko zaldi proben txapelketaren irabazlea erabakiko da.
21:00etan hasiko da zapatuko dema. Aulestiko Ibekohondoren, Markina-Xemeingo Agarreren eta Laukizko Garagartza Elkartearen zaldiak ariko dira zein baino zein gehiago. Herriko harriagaz ordu erdiko saioa burutuko du bakoitzak.
Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundetik jakinarazi dutenez, txapeldunak 700 euro, manta eta garaikurra eskuratuko ditu. Txapeldunordearentzat 600 euroko diru saria egongo da eta hirugarren sailkatuarentzat 550 eurokoa.
Iazko finala Nabarnizen jokatu zuten, eta Munitibarko Motrollo nagusitu zen bertan. Aurrekoetxea Anaiak eta Nabarniz Jatetxea sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Euskadikoa. Domekan, berriz, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko probalarien artean erabakiko da 2019ko Euskadiko txapelduna. Koba aulestiarrak etxean titulua lortzeko erronka edukiko du, eta Nabarnizeko Nabarniz Jatetxea eta Maumeko Baraiazarra izango ditu aurkari.
Hain zuzen, finala 2020ko urtarrilean egin arren, iazko txapelketa da. Hau da, 2019an zehar egindako zaldi proba puntuagarrietan, puntu gehien lortutako hiru zaldiek lehiatuko dute finala.
Euskadiko Zaldi Proben Txapelketaren finala 18:00etan hasiko da. Zaldiak 800 kiloko harriagaz ariko dira deman eta 30 minututan ahalik eta plaza, zinta eta metro gehien egiten dituen zaldiak irabaziko du. Euskadiko Herri Kirol Federaziotik zehaztu dutenez, txapeldunak 800 euro jasoko ditu; txapeldunordeak 700 euro eta hirugarren sailkatuak 600 euro.
2018ko txapelketa ere Aulestik hartu zuen, 2019ko urtarrilaren 13an. Baraiazarra nagusitu zen, 79 plaza, 3/4 zinta eta 0,75 metroko markagaz. Juan Uriarte Aulestiarra geratu zen txapeldunorde (67 plaza, 1/2 zinta eta 0,15 m) eta Koba hirugarren (66 plaza).