Zapatua izan arren, Antzar Eguna irailaren 5ean mantentzearen alde egin dute
Lekeitioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun eta Larrialdietako arduradunek egindako bileran hartu dute erabakia. "Alde guztiak ados agertu dira".
Lekeitioko Udalak jakinarazi duenez, nahiz eta aurten Antzar Eguna zapatua jausi, Ertzaintzak eta Osakidetzak ez dute inolako eragozpenik ikusi jai eguna egun horretan ospatzeko. Erabaki hori hartzeko alde guztiak bilera batean batu dira asteon. “Ez dago arrazoi berezirik jaia egunez aldatzeko. Dena dela, neurri bereziak hartuko dira”, esan dute udal ordezkariek.
Orain arte, Antzar Eguna zapatua jausi izan denean, hurrengo egunera atzeratu izan da jaia. “Eguna bera mantenduta, urtero hartzen diren neurriez gain, aurten plan berezi bat egingo da egun horretarako”. Segurtasun eta larrialdi neurriak gehitu egingo direla aurreratu dute, “jaia ondo joateko eta ezbeharrik gertatuz gero azkar erantzuteko”. Horrez gain, garraio zerbitzuan eta garbitasun alorrean ere neurri bereziak hartuko dituztela esan dute.