Parte hartze handiagaz ospatu dituzte sanantonak Barinagan
Jaien balorazio ona egin du Barinagako Jai Batzordeak. Jubilatuen bazkariagaz hasi zituzten jaiak eta zozketarekin amaitu.
Urtero modura, jaietako zozketa eginez amaitu dituzte sanantonetako ospakizunak Barinagan. Balorazio ona egin dute, izan ere, parte hartze handia eduki dute ekimen guztietan, espero baino handiagoa batzuetan, eta parte hartzaileak ere “gustura” ibili direla azaldu du Barinagako Jai Batzordeak.
Jubilatuen bazkariagaz hasi zituzten jaiak barikuan [urtarrilak 17]. 25 lagun elkartu ziren Iturritxu elkartean, urtean behingo ohiturari jarraipena emateko gogoz. Arratsaldeko gaztetxoen pilota partiduek ere bete egin zuten pilotalekua eta gazte kuadrillak ere hurreratu ziren auzora Barinagako Frontoi Txikiko Buruz Buruko VI. Pala Txapelketaren finala ikustera. Emoziorik ez zen falta izan finalean. 18-16, 9-18 berdindu zuten Joseba Plazak eta Josu Olabarriak eta berdinketa haustean erabaki zen txapelduna. Azkenean, ordu eta erdiko partida luzearen ondoren, 18-13ko emaitzagaz Plazak lortu zuen Barinagako txapela janztea.
3.eta 4. postuetan, berriz, Jon Patxi Aldaolea eta Iker Bereau geratu ziren, hurrenez hurren. 18-12 eta 18-7 irabazi zituen joko biak Aldaoleak.
Jokoan. Goizeko Kalamua-Barinaga jaitsieragaz gain, Briska eta Bola Joko txapelketak ere jokatu ziren zapatuan [urtarrilak 18], arrakasta handiz. Txapelketa biak batera hasi ziren, eta jokalari asko batu ziren batean zein bestean. Alde batetik, Iturritxu elkartea bete zuten briskan egin zuten 23 bikoteek, eta bestetik, 45 bolarik aritu ziren hiru txirlotan auzoko bolatokian. Briska Txapelketako irabazleak Josean eta Jabier izan ziren, bigarrenak, berriz, Arrate eta Trini, hirugarren Antoni eta Gema geratu ziren eta laugarren saria Mari Tere eta Mari Karmenek lortu zuten.
Markinako Xemeingo Hiru Txirlo taldearen laguntzagaz antolatu zuten San Antonetako bigarren Bola Joko Txapelketan, ostera, Jabier Osoro izan zen nagusi. Zortzi txirlo bota zituen elgoibartarrak. Markina-Xemeingo Mateo Guenaga sailkatu zen bigarren postuan, 7 txirlogaz, eta Bergarako Asier Azkarate eta Joseba Espilla markina-xemeindarra geratu ziren hirugarren eta laugarren postuetan sei txirlogaz. Giro onik ez zuten falta izan, eta sari ederrekin itzuli ziren etxera lehen lau sailkatuak.
Estimu handiko ekimena izaten da urtero San Anton Jaietako Bertso Afaria ere. Aurten 78 bertso zale elkartu ditu ekitaldiak Iturritxu ondoko frontoi txikian. Barinagako Jai Batzordeko kideekin batera, 101 lagunek afari eta bertso saio ederragaz gozatzeko aukera eduki zuten. Berrituta etorri da, gainera, aurtengo saioa. Gai jartzaile lanetan aritu zen Joseba Sololuzek proiektorearen laguntzagaz ere jarri zizkien gaiak Nerea Ibarzabal Salegi eta Andoni EgaƱa Makazaga bertsolariei.
Jai giroa goizaldera arte luzatu zen Laja II eta Lutxurdixoren ondorengo erromeriagaz, eta koplen ostean oinak astintzeko aukera eduki zuten parte hartzaileek.
Zozketa. Euria iragarrita bazegoen ere, eguraldia lagun izan dute Barinagan. Horrela, 117 ume eta nagusi animatu ziren Barinaga Ezagutuz mendi martxan parte hartzera, espero baino gehiago. Aurten Iturreta alderantz jo dute ibiltariek; 13 kilometroko ibilaldia egin zuten batzuk eta 7 kilometroko motza besteek. Amaieran, indarrak berreskuratzeko hamaiketakoa eduki zuten Barinagan bertan, eta orduan atera zuten bai eta ere jaietako zozketaren zenbaki saritua. Zenbaki saritua 1498 izan da (Ordezkoa:1669).