Baraizarrak irabazi du 2019ko Euskadiko Zaldi Proba Txapelketa, Aulestin
Koba eta Juan Uriarte aulestiarrak geratu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Domeka arratsaldean Aulestin jokatutako 2019ko Euskadiko Zaldi Proben Txapelketan Maumeko Baraizarra nagusitu zen, 75 plazako markagaz. Txapeldunak manta eta txapelagaz batera, 800 euro irabazi zituen.
Zaldiak 800 kiloko harriagaz aritu ziren deman, 30 minututan ahalik eta plaza, zinta eta metro gehien egiteko helburuagaz. Plaza bakarreko aldea egon zen lehen bien artean. 74 plaza egin zituen Koba aulestiarrak. Juan Uriarte aulestiarra geratu zen hirugarren postuan, 57 plaza eta 1,90 metro eginda. Txapeldunordeak 700 euro eta hirugarren sailkatuak 600 euro jaso zituzten.
2019an zehar egindako zaldi proba puntuagarrietan, puntu gehien lortutako hiru zaldiek lehiatu behar zuten finala. Nabarniz Jatetxe zen horietako bat, baina lesio bategatik ezin izan zuen Aulestira joan, eta haren ordez Uriartek parte hartu zuen.