Ibekohondo aulestiarrak etxean jantzi du Bizkaiko Kinttopeko txapela
70 untza eginda nagusitu da aulestiarra. Laukizeko Garagartza elkartea geratu da txapeldunorde eta Markina-Xemeingo Agarre hirugarren.
Zapatu gauean jokatu zuten Aulestiko probalekuan 2019ko Bizkaiko Kinttopekoen Txapelketa, eta herriko Ibekohondok lortu zuen markarik onena.
70 untza eginda jantzi zuen txapela, eta 700 euro, manta eta garaikurra irabazi zituen.
Hiru zaldiren artean erabaki zen txapelketa; herriko harriagaz ordu erdiko saioa burutuko zuen bakoitzak. 62 untza, 1/2 eta 2,95 metro eginda, Laukizeko Garagartza Elkartea txapeldunorde geratu zen. Markina-Xemeingo Agarre hirugarren sailkatuaren zaldiak, berriz, 57 untza, 1/2 eta 0,82 metro egin zituen. Txapeldunordeak 600 euroko diru saria jaso zuen eta hirugarren sailkatuak 550 euro.