Narea auzoko sanbizenteak ospatuko dituzte aulestiarrek
Zapatu eguerditik iluntzera arte jai giroa nagusi izango da. Herriko Kobak eta Ibekohondok egingo dute aurtengo dema.
Zapatuan, Aulestiko Narea auzoan, eguerdiko mezaren eta umeen jolasen ostean, herriko bi probalariren arteko dema ikusi ahalko dute auzora bertaratzen direnek. Kobaren Goku zaldia eta Ibekohondoren Rayo zaldia izango dira protagonistak. 20 minutuko saioa egingo du bakoitzak, auzoko harriagaz. Irabazleak manta eta diru saria jasoko ditu.
Iaz arte, gauean ere erromeria egoten zen, baina iaz ez egitea erabaki zuten eta aurten ere, arratsaldeko mus eta briska txapelketagaz amaituko dituzte jaiak.
17:00etan hasiko dituzte mus eta briska txapelketak eta ordu erdi bat arinagotik txosnan izena eman ahalko dute herritarrek. “Gure auzoko berezitasuna da briska txapelketa bikoteka barik, hirukoteka jokatzen dela beti”.
Auzotarrek antolatutako jaiak dira sanbizenteak. Auzoko plazatxoa da jai-gunea, eta bertako auzotarrak ez ezik, beste auzoetako aulestiarrak ere batzen dira urtero:”Askotan edurragaz ere egin dugu jaia, eta eguraldi txarra bada ere, jendea animatzea espero dugu. Eguraldi onagaz zein txarragaz, herritarrek beti oso ondo erantzuten dute. Hori eskertzen dugu, eta aurten ere ea jendea animatzen den beti legez”.
EGITARAUA:
ZAPATUA
- 12:00. Meza auzoko ermitan.
- Ostean. Umeen jolasak, auzoko trikitilariekin alaituta.
- 13:00. Zaldi dema Koba eta Ibekohonogaz.
- 17:00. Mus eta Briska Txapelketak.