Ander Txakartegi: "Titan Seriesera abentura bizitzera goaz, ondo pasatzera"
Helmugak proiektuko kideak aurtengo lehen proba egingo du datorren astean, Saudi Arabian. #Agertxopirata proiektu solidariorako ekarpenak egiteko epea ere zabalik dagoela gogorarazi du.
Helmugak proiektuaren barruan, aurtengo lehenengo proba egiteko atarian daude Ander Txakartegi berriatuarra eta Oier Aurrekoetxea bermeotarra. Urtarrilaren 29tik otsailaren 1era bitartean, Titan Series proba egingo dute Saudi Arabian. Azken egunetan, gripeagaz dago berriatuarra.
Proba eguaztenean hasiko da, baina zuentzako egunak aurretik hasiko da abentura, ez?
Guk domekan irtengo dugu etxetik, eta Bartzelonara joango gara. Saudi Arabiara joateko hegazkina astelehen goizean goiz hartuko dugu. Eguaztenean, proba egiten hasiko gara. Denetara lau egun iraungo du Titan Series probak; otsailaren 1ean amaituko da, eta gu otsailaren 2an itzuliko gara.
Gaixorik ere egon zarela kontuan hartuta, ondo prestatuta zoazte?
Bai, ondo. Egia esan, gripearen eragina igarriko dut. Izan ere, nahiz eta hara joaten naizenerako ondo egon, gaixorik egon naizen bitartean ezin izan dut entrenatu. Eta horrelako lasterketa batean hori asko igartzen da. Proba hasten denean, astebete baino gehiago egongo naiz bizikletan ibili barik.
Eta lehenengo etapa 89 kilometrokoa izango da.
Atzo argitaratu zuten ibilbidea, eta nahiz eta lau eguneko proba izan, errespetua diogu. Desnibela eta kilometroak hasieran esandakoak baino gehiago izango dira. Distantziak baino gehiago kezkatzen nau kilometro horiek basamortuan, mendian… egiteak. Etapa bat basamortuan izango da, beste bat mendian… Etapa bakoitzak ia 100 kilometro ditu; laugarrenak, baina, 60 kilometro, eta motzagoa izanik, gogorrena ere hori izango dela uste dut.
Ze giro egiten du han?
Hotza. Gauez zero azpitik bost gradu egiten ditu, eta egunez, asko jota, 20. Beraz, hotza egingo du. Hiru gautan kanpamenduan lo egingo dugunez, lo egiteko saku lodiak daramatzagu.
Zer izango da gogorrena?
Basamortua, harea. Distantziak ez dira luzeak, baina ez da berdina distantzia hori asfaltoan edo basamortuan egin. Titan Desert egin genuenean ere, bizikletan aurrera egin ahala, hondarra bilatu eta bizikletatik jaitsi, tatarrez aurrera egin, berriro bizikleta gainera igo eta aurrera jarraitu behar izaten zen. Hori da neketsuena. Ostera antzean, desnibel aldetik-eta ez da gogorra. Hotza ere kontrako faktore bat da.
Zuentzako erosoena zer izan daiteke, mendiko proba?
Gozatzera goaz, ondo pasatzera. Etapa guztiak gozatuko ditugu. Paisaiak ikusi, proba egin… Ez daukagu pentsatuta etapa batean edo bestean dena ematea. Guk hasi eta amaitu egin nahi dugu, minik hartu barik. Helburua abentura hau bizitzea da. Eta proba osoa batera egingo dugu.
Egin izan dituzun beste probekin alderatuta, nolakoa izango dela uste duzu?
Hasiera batean, freskoa izango dela uste dut. Ez dugu Titan Deserten besteko berorik edukiko, eta horrek erraztu egingo du. Dena dela, antolatzaileak beste Titan probak antolatzen dituztenak dira. Beraz, honetan ere zer edo zer egongo da, seguru.
Proba hau estreinako egingo denez, ez dago aurreko urteetako esperientziak jakiterik.
Hori da kontua. Azken finean, Titan mailako proben besteko maila bermatuko dute, hor dago gakoa. Daukagun pista bakarra Titan Desert proba da. Nik uste dut tenperatura aldatuta, nahikoa antzekoa izango dela. Harea ere gogorragoa dela esaten dute. Inork zapaldu ez duena; bizikletak ere hobeto heltzen du. Dena dela, gogorragoa izate hori lehen postuan doazenek igarriko dute, gu pasatzen garenerako dena mugituta egongo da eta.
Ezagutzen duzue proba egingo duen beste inor?
Bai, Lemoako Julen Zubero ere badoa. Titanean etapak irabazitakoa da bera. Domekan hirurok joango gara elkarrekin, eta itzuli ere batera egingo gara. Eta gero beste batzuk ere ezagutzen ditut.
Bizikletak ere egokitu egin behar izan dituzue?
Basamortuan-eta ibiltzeko, gurpilen presioa jaistea komeni izaten da, itsaspena hobea izateko.
Helmugaken aurtengo lehenengo proba izango da hau, eta gero etorriko da Aspanovasen aldeko Agertxopirata proiektu solidarioa. Zelan doa dena?
Oso ondo. Dagoeneko Internetez diru ekarpenak egiteko aukera zabalik dago, uztailaren 31ra arte. Gainera, ekarpena egiten duten guztien artean hainbat sari handi zozkatuko ditugu, tartean, Orbea markako bizikleta bat. Seguruena ekimena bera uztailaren 25etik 26ra egingo dut. Dena dela, Titan Seriesen ere ekimen horren aldeko aldarrikapena ere egingo dugu; Helmugaken sare sozialen bidez (Facebook eta Instagram) egin ahal da jarraipena.
Aurreko urteetan legez, aurtengo ekimenen dokumentala ere egingo duzue?
Bai. Gabon bueltarako Titan Series probaren eta #Agertxopirata proiektu solidarioaren inguruko ikus-entzunezkoa prestatuko dugu. Momentu honetan iazko dokumentala amaitu berri du-gu, eta laster hasiko gara herriz herriko proiekzioekin.