Aulestiarrek astegun guztietan daukate eskuragarri botikin zerbitzua
Herritarrek ondoko ordutegian daukate zerbitzua erabilgarri: 09:30etik 13:30era. Udalak dio zerbitzua egunero bermatuta egotea "lorpen handia" dela.
Aulestiarrek botikin zerbitzua erabilgarri dute urtarrilaren 13az geroztik. Aurrerantzean Lekeitioko Txakartegi farmaziko arduradunek eskainiko dute zerbitzua, astelehenetik barikura, goizez.
Hilabete batzuetan egon da etenda zerbitzua, aurretik zerbitzu hori kudeatzen zuena erretiratu egin zelako. Jone Antsotegi Aulestiko alkateak azpimarratu duenez, berriro ere zerbitzua martxan jartzea eta gainera asteguneko egun guztietan zabalik egotea «lorpen handia» da. «Aurreko arduradunak erretiroa hartu eta gero, Eusko Jaurlaritzak herrian zerbitzu hori bermatzeko prozesua martxan jarri zuen. Gure aldetik, batik bat baloratu duguna da zerbitzua astegun guztietan egongo dela martxan».
Izan ere, lehen zerbitzua kudeatzen zuen arduradunak Munitibarreko eta Aulestiko botikinak kudeatzen zituen, batera. «Aulestin martitzen eta eguen goiz osoan eta barikuan goiz erdiz eskaintzen zuen zerbitzua. Orain, baina, astelehenetik barikura goiz osoan egongo da zerbitzua martxan». Ondoko ordutegian dago zerbitzua erabilgarri: 09:30etik 13:30era.
«Herritarrentzako oso positiboa da. Izan ere, medikuaren kontsultaren ondoan dago botikina, eta, ondorioz, medikuarengana joan eta gero botikarik behar izanez gero, zuzenean botikina zabalik edukiko dute. Lehen egun konkretu batzuetan zeukaten zabalik, eta itxita bazegoen Munitibarrera joan behar izaten zuten».