Saioa Lara markina-xemeindarra, berriro ere Goya sarietarako izendatuen artean
'Handia'-n egindako lanagatik Jantzi Diseinu Onenaren Saria eskuratu zuen 2018ko Goya sarietan. Zapatuan emango dituzte aurtengo sariak, Malagan.
Saioa Lara markina-xemeindarra Jantzi Diseinu Onenaren Sarirako izendatu du Espainiako Akademiak 2020ko Goya Sarietarako La Trinchera Infinita filman egin duen lanagatik. Markina-xemeindarrak jasotzen duen bigarren izendapena da. 2018ko Goya sarietarako izendatu zuten lehenengoz Handia filman egindako lanagatik, eta Jantzi Diseinu Onenaren Saria eskuratu zuen orduan.
2018 urtean ere Jon Garaño zuzendariaren esanetara egon zen Lara. Handia filmak 10 Goya sari jaso zituen orduan, eta, orain, Jon Garaño astigartarrak Aitor Arregi eta Jose Mari Goeneagarekin batera zuzendu duen La trinchera infinita pelikulak 15 izendapen jaso ditu. Horien artean daude pelikula onenaren eta zuzendaritza onenaren sariak, gidoi originala, musika originala, emakumezko eta gizonezko aktore onenak, gizonezko ezusteko aktorea, produkzioko zuzendaritza, muntaia, argazki zuzendaritza zein artistikoa, jantziak, makillajea eta pelukeria, soinua, eta efektu bereziak.
Lararekin batera lan egin duen Lourdes Fuentes ere izendatuta dago La trinchera infinita filmagatik, atal bereko beste hautagaiak Paola Torres (Dolor y gloria), Alverto Valcarcel (Paradise Hills) eta Sonia Grande (Mientras dure la guerra) dira.
Zapatuan [urtarrilak 25] egingo dute 34. sari banaketa ekitaldia, Malagan (Andaluzia, Espainia).