Titan Series proba amaituta, "oso pozik" sentitzen dela esan du Ander Txakartegik
Lehenengo bi etapak "gogorrak" izan zirela esan dute Txakartegik eta Oier Aurrekoetxeak. Azken bi etapetan nahikoa ondo ibili direla eta gustura amaitu dutela esan du txirrindulari berriatuarrak.

Txakartegi, laugarren eta azken etapa amaitu eta gero, helmugan, Aspanovasen eta Agertxo Pirata ekimen solidarioaren ikurragaz. Argazkia: Ander Txakartegi
Hilaren 29an hasi zen Titan Series proba Saudi Arabian, eta horretan parte hartu du Ander Txakartegi txirrindulari berriatuarrak, Oier Aurrekoetxea bermeotarragaz batera. Saudi Arabian Titan Series egiten den lehen aldia da, eta Txakartegik eta Aurrekoetxeak ez zekiten nolakoa izango zen. Gaur [otsailak 1] egin dute laugarren eta azken etapa. Orokorrean, lehenengo bi etapak gogorrak izan zirela esan du berriatuarrak, “batez ere psikologikoki”. Baina azken bi etapetan gustura ibili direla eta proba amaituta “oso pozik” sentitzen direla azpimarratu du.
Lehenengo etapa “gogorra” izan zela esan du Txakartegik; 89 kilometroko ibilbidea eta 873 metroko desnibela zeukan. “Hasiera neutralizatua izan zen, baina oso azkar hasi ginen. Gu bigarren taldean geratu ginen, baina hor ere egurra hartu dugu”. Gutxi gorabehera egoera kontrolatuta zeukatela uste zutenean, harea biguna zegoen gune batera heldu eta hor kalbarioa hasi zela esan du. “Bidea ezin bilatuta ibili ginen. Eta aurreko astea gripeagaz egon eta gero, gorputzak ez zidan laguntzen. Kilometro batzuetan sufritu egin dugu”. Azken hamabost minutuak gorputzetik baino burutik gehiago tira egin zutela esan du. Lehenengo etapa horretan protagonista haizea izan zela gaineratu du. “Jateko ere indarrik ez geneukala heldu ginen helmugara”.
Bigarren etapa (109 kilometro eta 1.001 metroko desnibela) hareatzan izan zen [urtarrilak 30]. “Aurreko egunekoa ikusi eta gero, bigarrena egiteko beldurtuta geunden”. Dunetara heldu arte ondo joan ziren. “Dunetan hogei minutu bizikletan eta beste hogei minutu oinez egin behar izan genituen. Gero gustura joan ginen”. Etapa amaitzeko 10-15 kilometro falta zirenean, “infernua” heldu zela dio. “Eremu siku batera heldu ginen. Urik ez zegoen arroil bat. Ezin oinez eginda, bizikleta tatarrez generamala. Ia bi ordu behar izan genituen azken kilometro horiek egiteko”. Ia zortzi behar izan zituzten bigarren etapa hori egiteko.

Txakartegik Saudi Arabiara ere eraman du Helmugak proiektuak aurten Aspanovasen alde egingo duen ekimen solidarioa (Agertxo Pirata). Argazkia: Ander Txakartegi/Facebook
Hirugarren etapa (99 kilometro eta 1.180 metroko desnibela) [urtarrilak 31] mendikoa izatea zegoen aurreikusita, eta aurreko egunetakoa ikusita, hau ere beldurrez hasi zuten Txakartegik eta Aurrekoetxeak. “Lehenengo 10 kilometroak asfaltoan egin genituen, eta hori ondo etorri zen egokitzeko. Gero, beste 20-30 kilometro sekulako paisaia ikusgarrian izan ziren. Gora eta behera, baso politak ikusi genituen”. Azken 50 kilometroak luze joan zirela esan dute. “Pistetatik kanpo ibili ginen, bidea ezin bilatuta”. Etapa “entretenigarria” izan zela eta azken zatian dena eman zutela esan dute. “Sentsazio onagaz amaitu genuen”.
Laugarren etapa (69 kilometro eta 370 metroko desnibela) [otsailak 1] gaur egin dute. Motzena izan da, eta hasieratik “oso ondo” bilatu direla esan dute. “Azken etapa izanda, topera ibili gara. Etapa osoan ondo ondo aurkitu gara”. Laugarren eta azken etapa amaituta, Txakartegi eta Aurrekoetxea Titan Serieseko finisher-ak bilakatu dira.
Helmugak proiektuaren barruan, aurten egingo duten bi ekintzetatik lehenengoa zen Titan Series. Hau egin eta gero, uztailean Aspanovasen aldeko Agertxo Pirata proiektu solidarioa gauzatuko du berriatuarrak. Gogorarazteko, proiektu solidario horren alde diru ekarpenak egiteko epea zabalik dago.

Lau etapa egin eta gero eskuratu duten domina.