Artedramako ikastaroetan parte hartzeko izen ematea zabalik dago
Apirilaren 13tik 18ra egingo dute. 14 ikasleko muga jarri dute.
Pazko Astean Artedrama Euskal Laborategiak girotzen du Aulesti, eta hamabosgarrenez egingo dute aurten.
Arte eszenikoen plaza da, zentzu zabalean. Emanaldiak eta ikastaroak uztartzen dituen plaza da Artedrama: “Arte eszenikoetan euskaraz aritzen garenon topagunea da Aulestikoa; aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat zabaltzen den gunea”. Apirilaren 13tik 18ra egingo dute, eta aste honetan zabaldu dute ikastaroetan izena emateko epea. Artedramako kideen berbetan, Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta daudenen arteko eztabaidak, jakintza eta elkartrukeak sustatzeko asmoagaz, astelehenetik zapatura egingo dituzte lan saioak. Sei irakaslek emango dituzte tailerrak (bakoitzak 8 ordu).
Beste urte batez, ikasleek euskal antzerkiaren zoko ezberdinak arakatu ahal izango dituztela azpimarratu dute Artedramaren ordezkariek, eta horretarako, Ander Lipus, Maika Etxekopar, Amancay Gaztañaga, Ximun Fuchs, Marina Suarez eta Olatz Beobide ariko dira tailerrak zuzentzen. “Aberatsa da oso gure eszena, eta urtez urte euskal antzerkiak sentsazio eta gogoeta berriak sorrarazten dizkigu. Urtez urte eginiko lanaren emaitzak fruituak eman ohi ditu eta zorteko gara, gure mundua sortzen gabiltzalako, talentu handiz hornituriko artistak bidelagun ditugula”, adierazi dute antolatzaileek.
Parte hartu gura dutenek, info@artedrama.com helbide elektronikora mezua idatzi edo 636 55 22 44 telefono zenbakira deituta izena eman behar dute. 14 ikasleko muga jarri dute.