Saharara bidaltzeko 4.200 bat kilo janari bildu dituzte Lea-Artibain
Ondarroako Yaalah elkarteak 3.000 kilo inguru bidaliko ditu. Eskualdeko Sahela elkartekoek janariaz gain, haur eskolarako eta ludotekarako materiala ere bildu dituzte.
Otsaileko azken asteburuan Donostiatik Saharara abiatuko da Euskal Herriko 16. Elkartasun Karabana, eta beste behin, Sahela Lea-Artibaiko saharar herriaren aldeko elkarteak eta Ondarroako Yaalah elkarteak bilketak egin dituzte udalen laguntzagaz. Eskualdeko bizilagunen elkartasunari esker, 4.200 bat kilo janari bidaliko dituzte Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetara.
Sahelakoek Lekeition, Ispasterren eta Markina-Xemeinen egin berri dute bilketa. Saharako umeen eta emakumeen bizi baldintzak hobetzea da elkartekoen helburu nagusietako bat, eta, beraz, janari eta arropa bilketak egiteagaz batera, bestelako materialak ere jaso eta bidaltzen dituzte hara.
Denda eta ikastetxeetan. Beste urte batez, ondarrutarren elkartasuna itzela izan dela azpimarratu dute Ondarroako Yaalah elkarteko ordezkariek. Iaz modura, aurten ere 3.000 kg inguru bildu dituzte.
Saharar errefuxiatuen kanpamendura eroateko elikagaiak orain dela bi aste batu zituzten. Urtarrilaren 20tik 24ra, herriko ikastetxe guztietan egon ziren bilketarako kaxak, eta 24an eta 25ean, boluntario talde bat egon zen zortzi bat dendatan.
Bildutakoa aurreko astean, urtarrilaren 29an eroan zuten Deustura, Otsailak 27 koordinadoraren biltegira. «Otsailak 27 elkarteen koordinadora da; karabanagaz arduratzen den koordinadora. Urtero Deustuko biltegira eroten dugu hemen bildutakoa. Bizkai guztiko bilketak han batzen dituzte». Yaalah elkarteko kideek janikarazi dutenez, Euskal Herriko 16. Elkartasun Karabanan zazpi bat trailer betetzea aurreikusi dute.
Sahelakoek 1.200 bat kg janari jaso dituzte; establezimenduetan batu ordez, norbanakoek utzitakoa da aurten bildutakoa. «Janariari dagokionez, ez dugu kanpaina handia egin, beste gauzetan jarri dugu arreta».
Izan ere, ludoteka proiektua gauzatu zuten orain dela urte batzuk, eta bi urterik behin, materialez hornitzeko kanpaina egiten dute. Askotariko materiala bildu dute oraingo honetan ere: papera, errotulatzaileak, mahai jokoak, kartak, partxisak… Haur eskolarako gauzak ere bidaliko dituzte Saharara, haur aulkiak batez ere, eta bertan edukitzeko gosaltzeko paketetxoak ere egin dituzte beste behin: «Lurrunduta datozen esneak, gailetak, kakao hautsa, txokolatea, marmelada… horiekin osatzen ditugu, eta horrela, eskolan jateko aukera daukate», azaldu dute. Sahelakoek adierazi dutenez, eskola sortuta dagoen gunean emakume tailerrak ematen dituzte, eta andreek horietan parte hartzen duten bitartean, umeak haurreskolan egoten dira. Zuntz, informatika eta josteko tailerrak egiten dituztela zehaztu dute: «Jostekoarena orain dela 11 urte egin genuen proiektu bat da, josteko makina eta pila bat gauzagaz sortu genuen».
Aurten, gainera, zorteak ere lagundu die: «Sahelako loterian txarteleko 2 euro egokitu zitzaizkigun, eta 1.200 euro ditugu. Herritarrek utzitako diru horregaz ahalegin guztia egingo dugu janari apur bat edo ludotekarako jolas batzuk eskuratzeko».
Udaberrian gehiago. Maiatzean janariz eta arropaz betetako furgoneta bidaltzeko asmoa ere badaukate. Instituzioen inplikazioa beharrezkoa dela azpimarratuz, udalen laguntzen garrantzia aitatu dute: «Ea udaletatik laguntza apur bat ere ailegatzen zaigun. Diru apur bat lortzen badugu, furgoneta handi batean edo kamioi batean bidali ahalko ditugu, beste proiekturen bategaz».