Taberna eta denden mozorro lehiaketa egingo dute Markina-Xemeingo Aratusteetan
Jai Batzordeak antolatu du lehiaketa. Parte hartu nahi dutenek udaletxeko harreran izena eman behar dute, otsailaren 17rako.
Taberna eta denden mozorro lehiaketa egingo dute Markina-Xemeingo Aratusteetan. Lehiaketa Jai Batzordeak antolatu du, eta parte hartu nahi dutenek otsailaren 17rako izena eman behar dute, udaletxeko harreran.
Lehiaketan parte hartuko duten tabernak gutxienez otsailaren 23rako egon behar dute apainduta. “Behintzat otsailaren 23an egun osoan egon behar dira apainduta”. Dendei dagokienez, gutxienez erakusleihoak eguenetik [otsailak 20] zapatura [otsailak 22] egon beharko dira apainduta, “domekan itxita egongo dira eta”.
Sariak. Kategoria bakoitzean (tabernak eta dendak) bina sari banatuko dituzte: 150 euroko sari bat eta 50 euroko bat. Gaia librea dela esan dute. Iazko lehiaketa, esaterako, Lea ile apaindegiak eta Sakris tabernak irabazi zuten.
Herri Bazkaria. Urtero egin modura, aurten ere Herri Bazkaria egingo dute Aratusteetan; otsailaren 23an izango da bazkaria, 14:30ean, kiroldegian. Horretan parte hartu nahi dutenek otsailaren 10a dute izena emateko azken eguna; udaletxean izena eman behar da, eta izena ematerakoan ordainketa egiteko kontu korronte zenbakia eman behar da. Nagusien menuak 15 euro balio ditu, eta umeenak (12 urtera arte), 8 euro.