Txomin Juaristi: "Aurtengo denboraldian aurrerapauso bat ematea nahiko nuke"
Valentziako Itzuliarekin hasi du denboraldia Txomin Juaristi Arrieta (Markina-Xemein, 1995) Euskadi Fundazioko txirrindulariak. Azken operaziotik errekuperatuta, ilusioz eta gogoz hasi da maila berrian pedalkadak ematen.
Zein izango da aurten zure egutegia? Zehaztuta daukazu?
Otsailaren 5etik 9ra egongo naiz Valentzian. Taldeko batzuk Argentinan egon dira eta besteak Mallorkan, ni beranduago hasi naiz, min hartuta egon naiz eta. Bigarrenez egin didate eskafoideko ebakuntza, eta beranduago hasi naiz berreskuratzeko denbora gehiago izateko. Hezurra txikia da, baina lesioa oso luzea.
Nola min hartu zenuen?
Getxoko lasterketan erori nintzen orain dela bi denboraldi, eta bihurdura bat zelakoan bi hilabete igaro arte ez nintzen joan medikuarengana. Hezurra apurtuta neukala esan zidan, desagertzen modura, pseudoartrosis deitzen da. Txertaketa bat egin zidaten, eta torloju bat sartu, eta osasun azterketekin ibili naiz ia- ia urte bete. Aurreko urtean ere, berandu hasi nuen denboraldia hori zela eta. Uda amaieran, denboraldia amaituta zegoela joan nintzen mediku azterketa egitera, eta urrian egin zidaten ebakuntza berriz. Joan den astean eman zidaten sendagiria.
Ebakuntzatik berreskuratzen egonda, entrenatzeko aukerarik eduki duzu?
Entrenatzen egon naiz ahal modura, asko arriskatzen. Buruak ere eskatu egiten zidan, etxean ezin egon. Guk atsedena gustura hartzen dugu, baina aste bete igarota bizikleta behar duzu. Gure eguneroko mundua da hori. Bizikleta ihes egiteko modu bat ere bada guretzat.
Baina ohiko entrenamendurik ezin izango zenuen egin.
Hasieran mendira joaten hasi nintzen, etxeko arrabolean ere ordu pila sartu ditut. Bizikletagaz kalera atera nintzen lehenengo egunean poztasun handia sentitu nuen. Irten egin behar nuen. Ordu eta erdiko entrenamendua egin nuen, eta pozik. Guk gure kontura entrenatu ohi dugu, baina edukitzen ditugu taldeko entrenamenduak ere. Orain dela bi aste eduki genuen bat, ingurukoak batu ginen. Calpera (Alacant, Herrialde katalanak) ere joan gara taldeko batzuk eta hor egin ditugu hamahiru bat egun. Egun osoa edukitzen genuen entrenatu edo deskantsatzeko, kontzentratuta eta gustura ibili ginen. Hemen ere geratzen naiz beste txirrindulari batzuekin, Patxi Juaristi markina-xemeindarraz edo Gaizka Sotil etxebarritarraz esate baterako. Batzuetan bakarrik ere entrenatzen dugu, baina orokorrean jendeagaz.
Hori dena gaindituta, zelan zaude momentu honetan?
Pila bat ordu sartuta eta gogoagaz denboraldia hasteko. Denboraldi-aurreko lan dena denboraldirako prest egoteko izaten da, eta orain emaitzak ikusiko dira, zein den gure lekua.
Valentzian hasi zara, eta ondoren, nora joango zara? Zehaztuta daukazu egutegi osoa?
Ez daukat egutegi osoa zehaztuta. Taldeak bi tokitan lasterketak dituenean, batzuk lasterketa batzuetara joango dira, eta, besteak, beste batzuetara. Momentuz, Valentziako Itzuliaren ondoren, Andaluziakora joango naiz. Etxera etorri, astebete egon eta harantz joango naiz. Gero, agian, Portugaleko Volta ao Alentejo itzulian parte hartuko dut, eta Itzulirako postua irabazi egin behar da. Gure taldeko sei edo zazpi txirrindularik lehiatuko dute bakarrik, eta hobeto daudenak joango dira. Printzipioz aukera badaukat.
Ze helburu daukazu aurtengo denboraldirako?
Taldeak beste pauso bat eman du, kategoriaz igo da, eta nire helburua nik ere beste aurrerapauso bat ematea izango da. Bi urte daramatzat profesionaletan, lehenengo urtean nahikoa txukun ibili nintzen, eta bigarrenean, ez aurrera ez atzera. Orain, berriz, entrenamenduetan ere beste maila batean nagoela sentitu dut, gorputzak kilometroak bereganatuta dituela, eta maila handia eman eta buelta batzuetan sailkapen on bat lortu nahi dut. Lasterketaren bat irabaztea ere ez dut alboratzen. Betiko ilusioa da hori, baina ez dut horregaz estututa egon nahi. Helburu nagusiena aurrerapauso bat ematea da, honetarako balio dudala erakutsi eta pelotoian leku bat aurkitzea.
Profesionaletara egokitzea ez zen erraza izango.
Lehenengo urtean ez dizute emaitzarik eskatzen. Presentzia edo ihesaldietan parte hartzea eskatzen dute, etxeko lasterketetan aurpegia ematea, besterik ez. Bi urte igaro dira eta emaitzak ere erakusten joan beharko da.
Esan modura, Euskadi Fundazioa kategoriaz igo da. Horrek aldaketarik eragin dizue txirrindularioi?
Lasterketa gehiago edukiko ditugu, eta batzuk, gainera, maila handiagokoak. Esaterako, Argentinan egon dira gure taldeko txirrindulari batzuk World Tourreko talde pila bategaz, Euskal Herriko eta Kataluniako Itzulietan parte hartuko dugu, eta gonbidapena izanez gero Espainiako Vueltan ere bai. Egutegi aldetik mundu bat zabaltzen da, eta entrenamenduei dagokionez ere, ordu gehiago eta intentsitate handiagoa.
Ilusioz egongo zarete.
Ilusio handia daukagu. Txirrindularitzan hiru kategoria daude, eta hirugarren mailan egotea ondo badago ere, ez dizu ematen aukera lasterketa entzutetsu horietan parte hartzeko. Txirrindulari on bat izateko lasterketa on asko egin behar dituzu, eta hirugarren mailan lasterketa horrek ez daude. Zer garen erakutsi nahi badugu, hor daukagu aukera.
Hogei txirrindulari zaudete aurten. Nola dago taldea?
Taldea ondo ikusten dut. Jende ona batu da taldera, eta hori ona da guztiontzat. Bat ondo dabilela ikustean norbera ere gehiago ahalegintzen da, kutsatu egiten zaitu eta konfiantza ematen digu besteoi ere.
Taldekideak ezagutzen zenituen aurretik?
Urte asko daramatzagu pelotoian, eta denok elkar ezagutzen dugu. Aurretik ere partekatu dut taldea batzuekin. Euskaldun asko gaude. Aurten Murias desagertu da, eta hango euskaldun asko etorri dira taldera. Euskaldunez gainera, beste batzuen artean andaluziar bi, Murtziako bat eta Kantabriako bat ere badaude.
Zeregaz geratuko zinateke konforme denboraldia amaitutzean?
Sailkapen on batzuk lortu eta maila ona erakutsita, baina erregularra izanda. Ez dut nahi lau lasterketetan ondo ibili eta beste batzuetan oso txarto. Beste pauso bat eman nahi dut, baina lasterketa denetan aurrerapauso hori agerian utziz. Pelotoian nire lekua zein den aurkitu nahi dut Valentzian, eta Andaluzian sailkapen on bat lortu. Itzulian parte hartzea ere emaitza ona izango litzateke. Espainiako Vueltan parte hartzeko gonbidapena lortzeko ondo gabiltzala erakutsi beharko dugu, hori ere ondo egongo litzateke.
Noiz arte luzatuko da aurtengo denboraldia?
Aurten luze joango da, urrira arte.
Ez duzue tartean oporrik edo atsedenaldirik izango?
Atseden hartu ahal dugu, baina ezin gara edonora joan oporretan. Zaindu egin behar zara, eta pisua ere mantendu behar duzu. Gaitzena neke psikologikoa izaten da. Gorputzari atsedena ematen diozu, eta berehala berreskuratzen zara. Burua lasaitzea gaitzagoa izaten da. Presioa eta ardura hor mantentzen dira.